Eta ez dago debekurik elkarteetan

Elkarteetan erretzea ez dagoela debekatuta dio orain Osasun Sailak, orain arteko bertsioak erabat aldaturik. Esan du batzorde bat sortu dutela Espainiako Gobernuak eta erkidegoek, eta hark erabakiko duela debekuaz.

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Gaur ezin dezakegu esan debekatuta dagoela elkarte gastronomikoetan erretzea, eta autoerregulaziorako deia egiten dugu». Jesus Maria Fernandezek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak, argitu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteei nola eragiten dien oraingoz Tabakoaren Legeak. Debekurik ez dago. Fernandezek adierazi du Espainiako Gobernuarekin eta autonomia erkidegoekin batera ari direla gaia aztertzen, eta hurrengo asteetan hartuko dutela erabakia. Haren esanetan, irizpide bateratua erabili nahi dute. Batzordeak esaten duenaren arabera erabakiko du Jaurlaritzak txokoetan erretzeari buruz dekretua egin edo ez.

Ez da hori Rafael Bengoa Osasun sailburuak azken bi asteetan esandakoa. Elkarteetatik tabako kea kendu nahi, eta sua piztu zuen gaur hamabost. Erregistratutako elkarteetan ezingo zela erre esan zuen; bi egunkarik Espainiako Gobernuaren gain jarri zuten erabakia —Osasun Ministerioak ukatu egin zuen—, eta Bengoak horren babesean egin zuen adierazpena. Areago, esan zuen «beharrik» ez zegoela legea egokitzeko, dagoeneko elkarteetan erretzea debekatzen duelakoan. Eztabaida handia sortu zuen Bengoaren iragarpenak, eta hurrengo egunean «autoerregulazioaz» hizketan hasi zen Osasun sailburua, nahiz eta debeku iragarpenari eutsi zion: «Txokoak autoerregulatu egingo dira, gizarteak egin duen bezala».

Anbiguotasuna ikusita, azalpen gehiagoren zain ziren atzo kazetariak. Zinez, anbiguotasunaren bidetik jo zuen Bengoak. Esan zuen talde bat osatua zela gaia aztertzeko Espainiako erakundeekin. Ordea, gauzak argitu ez, eta gizartearen esku utzi zuen berriro erretzearen auzia: «Legea betetzea ez da izango ikuskaritzen eta isunen araberakoa, herritarren araberakoa baizik».

Galdera da ea taldeak erabaki bitartean debekatuta dagoen txokoetan erretzea. Ezetz dio orain Bengoak: «Elkarte bakoitzak erabaki beharko du zer dioen legeak. Guk autoerregulazioaren alde egiten dugu. Uste dugu hori dela eraginkorrena». Areago, hainbat elkartek galarazpenaren aldeko gutunak helarazi dizkietela jakinarazi zuen sailburuak; haren arabera, aurkakorik ez dute jaso.

Fernandez sailburuordeak erantsi zuen ezetz, gaur-gaurkoz ezin daitekeela esan debekua dagoenik txokoetan. Legea garatzeko prozesuan ari direla nabarmendu zuen, eta taldeak zer erabakiko dagoela Eusko Jaurlaritza. Hala ere, azken oharra utzi zuen Bengoak: «Bitartean, bistakoa da haurrak edo langileak baldin badaude ezin dela erre».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.