politika

ETAk bi guardia zibil hil ditu Mallorcan, haien autoa leherrarazita

Hildako agenteetako bat Iruñekoa da, Diego Salva, eta Burgoskoa bestea, Carlos Saenz. Ez dago zauriturik. Atentatua gertatutako lekutik bi kilometrotara Guardia Zibilaren auto batean beste bonba lapa bat aurkitu dute eta indargabetzen ari dira.

2009ko uztailaren 30a
20:20
Entzun

ETAk bi guardia zibil hil ditu Calvian (Mallorca, Herrialde Katalanak); Diego Salva (Iruñea; 28 urte) eta Carlos Saenz (Burgos, Espainia; 27 urte). Bi hildakoak zihoazen autoa Guardia Zibilaren kuartel aurretik igaro denean eztandarazi dute lehergailua, berri agentziek zabaldu dutenez. 13:30ak eta 13:45 artean izan da leherketa. Atentatua gertatutako lekutik bi kilometrotara Guardia Zibilaren auto batean beste bonba lapa bat aurkitu dute eta poliziak indargabetzen ari dira.

Atentatua egiteko moduari dagokionen nahasmendua nagusitu da lehen orduetan, lapa-bonba bat aipatu dute lehenik, eta patruila igarotzean leherrarazitako bonba batez hitz egin dute gero. Ramon Socias Espainiako Gobernuak Balear Uharteetan duen ordezkariak egindako agerraldian, berriz, lapa-bonba bat izan dela baieztatu du, eta urruneko kontrol bidez aktibatu dutela.

Aireportuak eta portu itxita 

Leherketa gertatu eta berehala, Guardia Zibilak inguruak itxi ditu, eta herritarrak bi kilometro eta erdiko segurtasun perimetro zabaletik kanpora bidali. 16:00ak aldean, berriz, Espainiako Gobernuak Balear Uharteetan duen ordezkariak jakinarazi du, Palmako aireportua eta portua ez ezik, Balear Uharteetako aireportu guztiak itxi dituzte 16:00etan, atentatuaren egileek ihes egitea saihesteko. Palmako aireportua 17:55ean ireki dute. Errepideetan ere kontrol zorrotzak jarri dituzte, batik bat Mallorcako uhartea zeharkatzen duten autobide nagusietan. Horrek, auto ilada luzeak eragin ditu.

Atentatua gaitzesteko ekitaldia egingo du Mallorcako Gobernuak bihar 13:00etan, Calviako Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean. Lehen aldia da ETAk Balear Uharteetan norbait hiltzen duela, baina 1991 uztailaren 30ean bi atentatu egin zituen Mallorcan eta bi lagun zauritu ziren. Gainera, 1995ean ETAko hiru kide atxilotu zituzten uhartean, Espainiako erregearen kontrako atentatu saioa egitea egotzita.

Zauriturik ez 

Osasun zerbitzuek atentatua izan segituan jarri dituzte martxan zaurituak artatzeko guneak. Hainbat karpa jarri dituzte, eta zainketa intentsiboko unitatea duten bi anbulantzia ere bertaratu dira. Hasieran zauritu larriez hitz egin duten arren, zauriturik ez dagoela baieztatu dute arratsaldeak aurrera egin ahala.

Calvia herria turista askoren jomuga da Mallorcako uhartean, uharteko bigarren herri handiena da Palmaren atzetik, eta neguan 50.000 biztanle izatetik 200.000 biztanle izatera igarotzen da udan.

Atzo goizean ETAk bonba-furgoneta zartatu zuen Burgosen (Espainia), Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan eta guztira 65 lagun zauritu ziren.

50 urteetan ETAk 206 guardia zibil hil ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.