Bart gauean atentatua egin du ETAk Durangon (Bizkaia): bonba lehertu du PSE-EEren egoitzaren aurrean, Askatasuna etorbidean. Ez da kalte pertsonalik izan, baina bai materialak, eta handiak. Ertzaintzak adierazi du bonbak hiru kilo kloratita baino gehiago zituela.
23:55ean izan da leherketa. Bonba ia ordubete lehenago jarri du burua estalita zeukan lagun batek, egoitza parean bizi den herritar batek Ertzaintzari abisu eman dionez, eta honek egoitza gaineko bizilagunak etxeetatik ateratzea lortu du.
Leherketak, kalte materialak ez ezik, gas isurketa ere sortu du. Horrek, bizilagunak euren etxeetara itzultzea ordu batzuk atzeratu du.
Herrizaingo Sailak adierazi du, gutxienez bi pertsonek parte hartu dutela atentatuan: bonba utzi duena bat, eta hori autoan jaso duena bigarrena.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak atentatua gaitzetsi du. Egileei ohartarazi die espetxean bukatuko dutela. Goizeko hamabi eta erdiak aldera iritsi da Durangora Ares.
Durangoko Udalak atentatua salatzeko asmoz udalbatzarra egin du goizean, eta 12:00etan elkarretaratzea egin dute. Udaleko Bozeramaile Batzordeak, EAE-ANVk izan ezik, "gogor" gaitzetsi du atentatua. EAJren, PSE-EEren, PPren, Aralarren eta EAren zinegotziek atentatua salatu dute.
Herritarren arretarako bulegoa ere zabaldu du Durangoko Udalak. Etxebizitzan edo autoan kalteak jasan dituzten bizilagunak joan daitezke kexa aurkeztera.
2007ko abuztuan ere egin zuen ETAk atentatua herri hartan: Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean bonba-autoa lehertu zuen. Oso handiak izan ziren kalte materialak.
Gaur hiru aste egin zuen erakunde armatuak azkeneko atentatua: Arrigorriagan (Bizkaia) Eduardo Antonio Puelles Espainiako Poliziako inspektorea hil zuen, haren auto azpian bonba jarrita.
Elkarretaratzea Durangoko udaletxearen aurrean
Dozenaka lagun bildu dira Durangoko udaletxearen aurrean atentatua salatzeko egindako kontzentrazioan. Hamabietarako deitu du elkarretaratzea Udalak, eta hamabost minutu iraun du. Bertan egon dira Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentea, Leopoldo Barrera PPko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidea eta Mikel Arana EBko koordinatzailea.
Durangoko alkate Itziar Idigoras (EAJ) ere han egon da. Baita Udalean dauden beste alderdietako ordezkariak ere, ANV izan ezik. Bozeramaile Batzordea izan da, hain zuzen ere, elkarretaratzea deitu duena.
Atentatua
ETAk bonba lehertu du Durangoko PSEren egoitzaren atarian, eta kalte material handiak eragin ditu
Herritar batek eman dio abisua Ertzaintzari, eta honek egoitza gaineko bizilagunak etxeetatik ateratzea lortu du. Bonbak hiru kilo lehergai baino gehiago zituen, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera. 12:00etan elkarretaratzea egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu