ETAk «botatakoek» botoa emateko aukera izango duten itxaropena dauka PPk

Jorge Fernandez Diazek dio ETAk «garbiketa etniko-ideologikoa» egin nahi izan duela hamarkada hauetan

Hodei Iruretagoiena
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Iñaki Oiarzabal EAEko PPren idazkari nagusiak esperantza agertu du «ETAren jardueragatik joandakoek» etorkizunean Gipuzkoa, Bizkai eta Araban bozkatu ahal izango dutela, «beren herriaren etorkizunaz erabakitzeko eskubide politikoa» berreskura dezaten. «Justizia kontua» dela esan du, hemen «garbiketa ideologiko» bat egin nahi izan zela argudiatuta. Francoren diktaduraren ondorioz Hego Amerikara erbesteratu behar izan zuten euskaldunekin alderatu ditu «ETAren erruz» alde egindakoak, eta gogorarazi du «haiek eta haien ilobek ere» badutela bozkatzeko aukera. Galdetu du ea nola den posible Euskal Herria «inoiz zapaldu ez dutenek aukera izatea eta ETAk mehatxaturikoek ez».

Izan ere, baliteke datorren astean aurkeztea «ETAren mehatxuz» Euskal Herritik alde egindakoek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan bozkatu ahal izateko Hauteskunde Legearen aldaketa. Bertan zehaztuko lirateke bozkatzeko aukera izateko bete beharreko baldintzak. La Razón Espainiako egunkariak zabaldu du informazioa, «gaiaz dakiten iturriak» aipatuta. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak jakinarazi duenez, PPren gobernuak Hauteskunde Legean egin beharreko aldaketak aztertzeko eskatu zion Ikerketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroari, aukera hori «juridikoki bideragarria» ote den jakiteko.

Fernandez Diazek adierazi duaditu taldeak «behar den denbora» hartuko duela lege aldaketaren inguruan ahalik eta babes handiena lortzeko, eta datozen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek ez dutela baldintzatzen beren helburua. Izan ere, ez dela «hauteskunde kontua» dio, «printzipio kontua» baizik. Gaineratu du lege aldaketa egiteko aukera ikertzen ari diren adituek «juridikoki bideragarria» dela ebatziz gero berehala jarriko direla harremanetan beste indar politikoekin, PSOErekin bereziki, «ETAren mehatxuengatik» joandakoek EAEn eta Nafarroan bozkatu ahal izatea «posible egiteko». Fernandez Diazen arabera, hamarkada hauetan ETAren xedea izan da «garbiketa etniko ideologikoa» egitea, Euskal Herrian bere «ideia totalitarioekin» bat egiten dutenak bakarrik geratzeko. Esan duenez, ETA «garaitu» ostean, gainditzeko dago «demokraziaren ikasgai hau», bai Euskal Herrian, baita Espainian ere.

Baldintzak, zehazteko

Lege aldaketa honek ezarriko dituen baldintzak zehazteko dauden arren, EAEn edo Nafarroan noizbait erroldatua egon izana eta «mehatxuak» jaso izana frogatu beharko da, La Razón Espainiako egunkariaren arabera. Hala ere, eta aipatutako iturrien arabera, prozesu judizialetan frogatu ez diren «kaltetuen ekarpenak» ere kontuan hartuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.