Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak esan du ETAk bere alderdiari arrazoia eman beharko liokeela "1976-2011 artean Xibertatik Aietera" egindakoagatik, horrenbesteko kritikak egin beharrean. "EAJrekiko obsesioa du ETAk, eta hori bere porrotaren isla da".
ETAk atzo zabaldutako agirian zioen hau ez dela "zeharkako bideak ibiltzeko tenorea", eta EAJri —"bere arduradun, militante eta oinarri sozialari"— gogoeta egiteko eskatu zion. "Merezi al du alderdi interes hutsengatik konponbide aukera kaltetzea? Onuragarria al da hauteskundeei begira ezkerreko independentismoa higatzearren prozesua zangotrabatu nahi dutenekin behin eta berriz lerrokatzea? Ezezkoan dago ETA eta behingoagatik denok Euskal Herriaren eta euskal herritarren interesen alde bultzatu beharko genukeela deritzogu".
Egibarrek erantzun du "bakea eta bizikidetza egonkortzeko" EAJk pausoak eman dituela, "eta ematen segituko du, ezker abertzaleak dakien bezala".
Erakunde armatuaren adierazpenari hauteskunde kutsua hartu dio Gipuzkoako jeltzaleen presidenteak, Radio Euskadin esan duenez. "Gauza asko aitortzea falta zaio; bereziki, bere indarkeriaren injustizia".