Pastor
Darwin eta gu

ETAk lortu ez zuena...

2025eko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste Santuan kostaldeko herri txiki eta oso euskaldun bateko tabernan gertatua azaldu zuen lehengoan Ana Urkizak Noticias taldearen egunkarietan argitaratutako zutabean. Zerbait hartu nahi zuen bertan eta euskaraz eskatu. Zerbitzariak, 30 urte baino gutxiago zituenak, euskaraz ez zekiela esan zion. Beste bezero batzuei ingelesez eta frantsesez erantzun zien, ordea. Haiekin bai ondo moldatu. Idazlea «atzerrian baino atzerritarrago» sentitu zen han. «Ostikada bat» eman izan baliote legez. Ez da harritzekoa hala sentitzea. Eta ez da harritzekoa hori gertatzea. Ez da lehen kasua izan eta ez da, tamalez, azken kasua izango.

Jazoera hori gogoan izanda, Aberri Egunaren harira zenbait fundaziok egindako adierazpen bateratua aipatu zuen Ana Urkizak. Elkarte horiek esan zutenez, euskara gure komunitatearen hizkuntza da. Halaber, Euskal Herriaren «konpromiso komunitarioa» indartu beharra nabarmendu zuten. «Bertan bizi, lan egin eta herriaren parte izan nahi duen oro» dugu euskal herritarra. Guztiz ados: gizaki guztiek dute hemengoak izan eta hemengoak sentitzeko eskubidea. Hala izanik ere, badago mugarik? Noraino eraman behar dugu konpromiso komunitarioa geure komunitatearekiko konpromisorik ez dutenekin, geure hizkuntza gutxiesten dutenekin?

Bai, zeren eta Euskal Herrian bizi den pertsona batek hemengo herriaren parte izan nahi ez badu, hemengoa sentiarazi egin behar dugu? Herri txiki eta oso euskaldun bateko tabernako neskak euskara oinarrizkoena ikasteko asmorik ez badu —eta, gainera, beste hizkuntza batzuetan mintzatzeko gai bada—, zenbaterainoko eskubidea du guk hemengotzat jotzeko? Zer egin herri honen parte izateko gogorik ez dutenekin?

Asteon antzeko egoera bat jasan dugu lagun batek eta biok Bizkaiko leku enblematikoenetako batean. Hain enblematikoa, non lurraldetik harrika botako zaituzten haren dirdira une batez ilun lezakeen itzalik txikiena azaleratzen baduzu. Euskararik ez bertako zerbitzarien ezpainetan. Baietz turistekin ingelesez nola edo hala moldatu! Bezero euskaldunekin ez, baina. Atzerrian baino atzerritarrago gu. Turistak baino turistago. Lubineta bilbotar erara erakunde ia sakratu eta ukiezin baten jatetxean euskaraz eskatzerik ez baduzu, ez gero exijitu kebab-eko lagunak euskaraz jakitea. Berak ere espainieraz egingo dizu.

«Gebararen erdarak Arabako hiriburuan ez zuen arnasgunea aurkitu du Logroñon. Pintxoak ederragoak dira Laurel kalean gaztelaniaz dastatzen dituzunean»

Hizkuntza horretaz mintzatzeko arazorik ez zuen Emilio Gebara jaunak Arabako ahaldun nagusia zenean. Alabaina, Arabatik «euskaragatik» joan dela jakinarazi du El Correo egunkarian: «ETAk lortu ez zuena lortu du euskarak, eta Logroñora etorri naiz bizitzera». Hizkuntza eskakizunengatik kexatu da EAJko burua izan zena: «Euskara inposatu egin dute Euskadin». Iheslari linguistikoa dugu Gebara. Euskarak ito egiten zituen bera eta etxekoak, antza. Eta Logroñora joan da. Euskaragatik. Arzalluzek kritikatzen zituen mitxelinetako bat da Gebara. Enpresa frantsesak harreman estua du Gasteizekin, baina hori ez da politikari ohiaren pentsamoldearen arrazoia. Mitxelinak nonahi izan daitezke.

Euskararen presioagatik alde egin du Gebarak Logroñora. Gasteiztik, ez Gaztelutik. Giroa itogarria zen, itxura denez. Kalera irten eta euskara inposatzen ziotela pentsa liteke inposatu aditza erabili du—. Euskaraz erantzuten bide zioten beti: okindegian, supermerkatuetan, gimnasioan, lurrindegian, haginlariarenean, gozotegian, denda eta bazar asiarretan, igerilekuetan, botiketan, zinemetan... Inork ez zien espainieraz egiten hari ez haren senideei. Zeinen makurra den euskara. Zeinen gaiztoak euskaldun fundamentalistak. Gebararen erdarak Arabako hiriburuan ez zuen arnasgunea aurkitu du Logroñon. Pintxoak ederragoak dira Laurel kalean gaztelaniaz dastatzen dituzunean.

Euskarak Gasteiztik bota du Emilio Gebara. Haren zipayismo linguistikoaren ondorioek Euskararen Herritik botatzen gaituzte egunero. Hala eta guztiz ere, berton segitzen dugu. Guardia Zibilak lortu ez zuena ez dute Gebarak eta Gebara bezalakoek lortuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.