ETAk menia iragarri eta gutxira, bi lagun atxilotu dituzte poliziek

Iraitz Gesalaga atzeman dute Ziburun, eta Itsaso Urteaga Zarautzen, Le Vert eta Grande Marlaskak agindutako operazio bateanAAMk salatu du «gerra propaganda hutsa» dela, eta Urteagaren egoeraz kezkatuta dago

Guardia Zibilak, atzo, Zarauzko Vista Alegre auzoan, Itsaso Urteagaren etxea miatzen ari ziren unean. UROLA KOSTALDEKO HITZA.
joxerra senar
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Laurence Le Vert eta Fernando Grande Marlaska epaileek zuzendutako operazio batean, atzo goizaldean, 06:00etan, Iraitz Gesalaga zarauztarra atxilotu zuen Frantziako Poliziak Ziburun (Lapurdi), eta berehala Baionako polizia etxera igorri zuten. Handik gutxira, 06:22 aldera, Zarautzen (Gipuzkoa) Guardia Zibilak Itsaso Urteaga, Gesalagaren bikotekidea, atzeman zuen. ETAk su-eten iraunkorra, egiaztagarria eta orokorra iragarri eta ordu gutxira etorri dira atxiloketok. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, operazioa «gerra propaganda hutsa» da, eta bereziki kezkatuta azaldu da Urteagaren egoerarekin, inkomunikatuta dagoelako, Guardia Zibilaren eskuetan, eta torturatua izateko arriskuaz ohartarazi du.

Iraitz Gesalagak 27 urte ditu, eta azken hilabeteotan Ipar Euskal Herrian bizi izan da. AAMren arabera, han bizitza erabat publikoa egin du, eta informatikari gisa egin du lan. Itsaso Urteagak, berriz, 21 urte ditu, eta Zarautzen bizi da. Filosofia ikasten ari da unibertsitatean, Donostian.

Informatika aditu gisa ETAko kideei kriptografia sistemen bidez mezuak estaltzen laguntzea egozten diote Gesalagari. Era berean, segurtasun indarrek uste dute bi aldiz Venezuelan izan zela FARC Kolonbiako gerrillarentzat informatikaren inguruko aholkularitza eskaintzen. Segurtasun indarren arabera, 2008ko maiatzean Francisco Javier Lopez Peña ETAren ustezko buruzagiari Bordelen atzemandako dokumentazioetatik hasitako ikerketen emaitza dira bi atxiloketak. Guardia Zibila eta Frantziako Polizia elkarlanean aritu dira, eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek ere parte hartu dute.

Hiru orduko miaketa

Urteagaren aurkako salaketa lausoak baino ez zituzten jakinarazi poliziek. Efe agentziaren arabera, guardia zibilek susmatzen dute bere bikotekideari «aholkularitza informatikoan» lagundu egin ziola. Atzo goizean Zarauzko haren etxea hiru orduz miatu zuten, eta handik hainbat kutxa atera zituzten. Kanpoan, herritar talde batek Urteagari animoak eman zizkion eta bi atxilotuak askatzeko oihuak egin zituzten.

Arratsaldean, berriz, Ziburun Frantziako Poliziak Gesalagaren etxea miatu zuen. Poliziek François Mitterrand kaleko lau solairuko eraikina hesitu zuten. Senide eta lagun talde bat bertaratu egin zen atxilotuari elkartasuna adieraztera.

AAMk irmo salatu zuen operazioa «propaganda» baino ez dela. Gogoan hartu du hala Gesalagak nola Urteagak bizitza publikoa egiten zutela: «Atzean mezu politiko argia dago. Garaipen militarra saldu nahi dute, uneotan duten ezintasun politikoa ezkutatzeko helburuarekin».

AAMren ustez, bi gobernuek «gatazka eta errepresio egoera betikotu» egin nahi dute, eta «eskuburdinen eta inkomunikazioaren bidez» erakutsi nahi dute zein den euren «jarrera politikoa». Kezkaturik azaldu da Urteaga Guardia Zibilaren eskuetan dagoelako eta «torturaren arriskua» handia delako. Iaz, 63 tortura salaketa jarri zirela gogoan hartu du.

Atzo elkarretaratzeak egin ziren atxilotuei elkartasuna adierazteko. Ziburun 125 lagun inguruk parte hartu zuten, eta poliziek gasa jaurti zieten. Zarautzen 300 lagunek manifestazioa egin zuten, eta larunbatera arte mobilizazioak egiten jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.