Bart goizaldean bonba-autoa zartarazi du ETAk Santoñan (Kantabria, Espainia), egoitza militarren baten kontra. Zehazki, Espainiako armadaren Virgen del Puerto akademia militarrari eraso dio, eta eztandaren ondorioz Luis Conde de la Cruz 46 urteko brigada hil da. Halaber, sei lagun zauritu dira: larri dagoen beste militar bat, eta atentatua gertatu denean inguruan zebiltzan bost herritar; haietako bat, 70 urteko Lucila Escobedo oso larri dago hematoma baitu burmuinean.
Goizeko ordubatak inguruan gertatu da leherketa. Aurretik, 00:24 inguruan, ETAren izenean ari zela esan duen lagun baten deia jaso dute DYAren Donostiako egoitzan. Deitzaileak atentatu asmoaren berri eman du, polizia iturrien arabera, "modu zehazgabean". Hain zuzen ere, Espainiako Polizia eta Udaltzaingoa egoitza militarraren ingurua hesitzen ari zirela gertatu da leherketa.
Atentatua gogor gaitzetsi dute Santoñako Udalak, Kantabriako Gobernuak, Espainiakoak eta Euskal Herriko hainbat agintari eta politikarik.
Bihar eguerdian izango da militarraren aldeko hileta elizkizuna, Segovian (Espainia). Gaur 20:00etan jarriko dute gorpua ikusgai, Segovian bertan, armadaren egoitza batean.
Bart Santoñan lehertu dena, gainera, ETAk 24 orduan leherrarazten duen hirugarren bonba-autoa da. Larunbatetik iganderako gauean bi zartarazi zituen: lehena Gasteizen Vital Kutxaren egoitzaren aurka, eta inor zauritu ez bazen ere, kalte material handiak eragin zituen. Bigarrena, goizeko lau eta erdiak aldera, Ondarroako (Bizkaia) Ertzaintzaren polizia etxearen kontra. Bigarren horretan ez zuten abisurik eman, eta hamar lagun zauritu ziren. Horietatik bik erietxean jarraitzen zuten gaur goizean, baina pronostiko erreserbatua zuen ertzainak senda agiria jaso du jada. Horrenbestez, 15 urteko neska gazte batek segitzen du ingresatuta. Ebakuntza egin behar izan diote garezurrean haustura zuelako, baina onera egiten ari da.
Rubalcabaren arabera, Frantzian prestatu ditu ETAk hiru bonba-autoak
Atentatuei buruzko zenbati xehetasun eman ditu Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak. Agertu duenez, lehergailuak jartzeko erabili dituzten hiru autoak Frantzian lapurtu zituzten, eta prestatu ere han egin zituztela uste du. Zehazki, Santoñan zartarazi dutena irailaren 12an ebatsi zutela agertu du.
Atentatua
ETAk militar bat hil du Santoñan, Espainiako armadaren egoitza baten aurka bonba-autoa zartarazita
Beste sei lagun zauritu dira atentatu berean, besteak beste, oso larri dagoen herritar bat. ETAk 24 ordutan leherrarazi duen hirugarren bonba-autoa izan da. Larunbatetik iganderako gauean Vital Kutxaren egoitzaren aurka egin zuen Gasteizen eta Ertzaintzaren polizia etxearen kontra Ondarroan. Bigarren eraso horretan hamar lagun zauritu ziren eta batek erietxean jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu