Politika

ETAren aurka bere babesa nahi badu zer egin nahi duen zehazteko eskatu dio Raxoik Zapaterori

Beren helburua "ETA garaitzea" dela oroitarazi dio, eta ildo horretan soilik egingo duela bat Gobernuarekin. Estatu hitzarmenaren oinarria PSOEren eta PPren artekoa izan behar duela adierazi dio, "askatasunaren aldeko eta terrorismoaren kontrako hitzarmenean bezala". PPko diputatuek Zapateroren hautagaitzaren kontrako bozkatuko dutela iragarri du.

2008ko apirilaren 8a
18:17
Entzun
Inbestidura saioko hitzaldia hasi eta segituan bere taldeko diputatuek PSOEko hautagai Jose Luis Rodriguez Zapateroren kontra bozkatuko dutela iragarri du Mariano Raxoi PPko buruzagiak. Zapateroren goizeko hitzaldia entzun eta gero hartu dutela erabakia agertu du, hautagai sozialistaren hitzek eta joan den agintaldiko jokabideak ez dielako konfidantzarik ematen.

Ekonomia izan da Raxoiren hitzaldiaren ardatza; Espainia krisi larrian dagoela nabarmendu du, eta Zapaterok ez duela egoera horri aurre egiteko gaitasunik.

Hitzaldiaren amaieran, ordea, ETAren auzia izan du hizpide, goizean Zapaterok erakunde armatu horren kontrako borrokan eskatutako batasunari erantzunez. Hain zuzen ere, ETAren kontrako borroka zertan oinarrituko duen zehazteko eskatu dio PPko buruak hautagai sozialistari, baldin eta beren babesa nahi badu. "Ez hitzegin kontzeptu lurruntsuei edo borondate oneko adierazpenei buruz, oinarri horietan ez baita hitzarmenik gauzatzen", esan du. "Ganbera honetako talde guztiak, denak, ETA eta haren krimenak amaiaraztearen aldekoak dira. Denak. Baina taldeetako batzuek ETA garaitzea nahi dugu, eta aldiz beste batzuek,ez dute inola ere nahi ETAren amaiera hura garaitzea izaterik. Funtsean, ez dute nahi bere helburuak garaituta ikustea", azpimarratu du.

Batetik, zehaztasuna eskatu dio, beraz, ETAren kontran batu ahal izateko. Bestetik, goizean proposatu duen batasunaren oinarria PSOEren eta PPren arteko akordioa izatea. "Estatu hitzarmenak zuen eta gure arteko akordioak izan behar dute, eta gero beste batzuk gehitzen badira h obeto. Baina Estatu hitzarmenaz, eta, ondorioz, denboran egonkorra izango den konponbideaz hitzegin ahal izateko ezinbesteko baldintza da bi alderdi handiek parte hartzea, ganbera honetako diputatuen %92 ordezkatzen ditugun bi alderdiak".

Aznarren agintaldian indarrean PPk eta PSOEk indarrean jarri zuten "askatasunaren aldeko eta terrorismoaren kontrako hitzarmenaren" oinarria bi alderdi horien akordioa izan zela oroitarazi dio Zapaterori, eta, gainera, PSOEren ekimenez egin zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.