Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko lege proiektuari ez dio babesik emango PPk; haren iritzian, ETAren biktimak eta Poliziaren biktimak parekatzen dituelako eta «ETAri argudioak ematen dizkiolako indarkeriaren erabilera justifikatzeko». Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak iragarri duenez, bere taldeak zuzenketak aurkeztuko dizkio lege proiektuari, ETAren biktimak Institutuaren jardunaren erdian egon daitezen. «Onartezina da parekatzea Poliziaren gehiegikeria batean zauritutako biktima bateta ETAren biktima bat. Memoriaz hitz egiten badugu, terrorismoaren biktimen memoriaz hitz egin behar dugu», azpimarratu du. Areago, Danboreneak uste du lege proiektuarekin hauspoa ematen zaiola «ETA-Batasunari» hark bere «hilketak» justifikatu ditzan.
EAJk, PSE-EEk, Ezker Anitzak eta Aralarretik egotzitako hiru legebiltzarkideek adostu dute lege egitasmoa, eta haien babesa nahikoa izango da aurrera ateratzeko. PP, ordea, bere planteamenduaren inguruan adostasuna bilatzen saiatuko da gainerako taldeekin, uste duelako gaia «serioa» dela eta «hauteskunde» eztabaidetatik»atera behar dela.
«Izaera politikoari» ez
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearen ustez ere «ez da egokia»Oroimenaren Institutua sortzeko proposamena, «izaera politikoa» aitortzen dielako Estatuaren biolentzia sufritu dutenei. «Ezin dira parekatu Estatuak modu zilegian erabiltzen duen biolentzia eta ETAk bere helburu politikoak lortzeko beti erabili duen biolentzia ilegitimoa», adierazi du. Poliziaren «gehiegikeriak» salatu behar direla dio Basagoitik, baina ez du begi onez ikusten biolentzia hori «euskal gizartearen egiturazko arazotzat» jotzea.
Hori horrela, Basagoitik argitu du PPk Oroimenaren Institutuaren sorrera babestu ahal izateko, lehentasuntzat izan beharko lukeela «ETAren ideiak, helburuak eta baliabideak deslegitimatzea».
ETAren biktimak Oroimenaren Institutuko erdigunean jarri nahi ditu PPk
«Terrorismoaren biktimena» baino ez du izan behar memoriak, Anton Danboreneak adierazi duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu