Euskal Herriko bake prozesuaren alde Europako Parlamentuan osatutako Friendship taldeak dei berezia egin dio gaur EB Europako Batasunari. "EBk jabetu behar du ETAren pauso historikoaren garrantziaz". Horregatik, Europako erakundeei eskatu die prozesuan inplikatzeko eta hura sustatzeko, "arrakasta lor dezan".
ETAk eraso ekintza armatuak ez egiteko hartutako erabakia -irailaren 5ean jakinarazi zuen- "aldebakarrekoa eta baldintzarik gabekoa" izatea azpimarratu du Friendshipek gaur, agiri batean. "Pauso hori bake prozesuarentzat beharrezkoak diren baldintzak eraikitzeko hagitz garrantzitsua da". Prozesua "atzeraezina" bilaka dezakeela ere uste du taldeak.
Prozesua ahalbidetzeko lau puntuko eskaera egin du Friendshipek. Bertan, Europako Parlamentuak 2006ko urrian Euskal Herriko bake prozesuaren alde onartutako ebazpena kontuan hartzeko eskatu dio EBri. Prozesuak euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea "bermatu" beharko lukeela uste du Friendshipek.
Espainiari eta Frantziari eskatu die "giza eskubideak, zibilak eta politikoak" errespetatzeko. "Epaitegi bereziak" eta Euskal Herriko ordezkari eta alderdi politikoen kontrako neurriak bertan behera uzteko eskaera ere egin die. Horregatik, ezker abertzalea legeztatzeko galdegin du, honek "bide baketsu, politiko eta demokratikoen" alde egin duen hautuagatik.
Euskal alderdiei eta eragileei elkarrizketan eta negoziazioan oinarritutako prozesuan "murgiltzeko" deia egin die, eta nazioarteari, berriz, "erantzun eraikitzailea" emateko, Euskal Herrian "eskenatoki baketsu eta demokratikoa" sortzen laguntzeko.
ETA-ren adierazpena
ETAren erabakiaz jabetzeko eta bake prozesuan inplikatzeko eskatu dio Friendship taldeak Europari
Eraso ekintza armatuak ez egiteko erabakia "aldebakarrekoa eta baldintzarik gabekoa" izatea azpimarratu du Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko taldeak agiri batean. Espainiari eta Frantziari "giza eskubideak, zibilak eta politikoak" errespetatzeko eskatu die, eta ezker abertzalearen legeztatzea beharrezkotzat jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu