Espainiako presidente ohiaren arabera, azken hilabeteetan argi geratu da zantzu dezente daudela ETAren eta ekintzaile islamisten artean loturak daudela adierazten dutenak. "Gaur egun badakigu kointzidentziak zeudela egun berean Madril aldera abiatu ziren 'heriotzaren karabanetan'; harremanak eta adiskidetasunak zeudela espetxeetan; badirela alde bateko eta besteko terroristen izen eta abizenak batzuek zein besteen eskuetan, eta lehergailu hornitzaile komunak zituztela", ziurtatu du.
Batzordeko kideei erantzuten hasi aurretik, M-11ko eta hurrengo egunetako gertakarien bere ikuspegia agertu du Aznarrek 45 minutuz, eta konspirazioaren teoria izan da bere hitzaldiaren ardatza; hau da, zenbait alderdik eta komunikabidek sarraskia baliatu zutela PPren eta bere Gobernuaren aurka egiteko. "Manipulazioa" eta "gezurretan aritzea" egotzi die.
"Gobernuak, alde batetik, atentatuek sortutako egoera tragikoari aurre egin behar izan zion. Gainera, bestetik, manipulazio itzel bati aurre egin behar izan zion: halako tragedia baten aurrean gizarteak zuen izuari erreparatu ordez, osterantzean aspalditik galduta zeukaten hauteskundeak irabazteko aukerari heldu ziotenek egindako manipulazioari", adierazi du.
Ildo horretatik, Espainiako Gobernuko presidente ohiak nabarmendu du hasierako zantzu guztien arabera ETA izan zela atentatuen egilea, eta Acebes garai hartako Barne ministroak baino lehenago Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariakzein Gaspar Llamazares IUko idazkari nagusiak egotzi zizkiotela ETAri Madrilgo atentatuak.
M-11ko ikerketa batzordea