Maite Iturbek iragarri modura, ETBk eguraldiaren mapa aldatu du. Ez dute berreskuratu, ordea, Patxi Lopezen legealdiaren aurretik erabiltzen zuten mapa. Horren ordez, erdibideko hautuaren alde egin du zuzendaritzak: Iparraldea, Nafarroa eta EAE mugen bidez ondo bereizita azaltzen dira, bakoitza kolore desberdin batekin. Hala ere, antzeko kolorez margotu dituzte hiru adminsitrazio esparruak, eta alboko lurraldeengatik nabarmentzen dira.
Eusko Jaurlaritza eskuratzeko bide eman zien sozialisten eta PPren arteko akordioak, eta itun horren ikur bilakatu zen eguraldiaren mapa. EITBko ildo editorialean eta mapetan aldaketak egitea hitzartu zuten bi alderdiek.
EITBren sorreratik Euskal Herriko zazpi probintziak agertzen diren mapa erabili dute eguraldiaren iragarpenerako. Gobernu sozialistarekin, baina, eguraldiaren mapak Euskal Herria islatzeari utzi zion. Mapa aldatu, eta Euskal Herria desitxuratu zuten; Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba soilik agertzen ziren mapa jarri zuten, Euskal Autonomia Erkidegoa baino ez islatzeko. Egun horretako eta biharamuneko iragarpena eman ostean, zooma ireki eta Nafarroa eta Iparraldea erakusten zituzten, Espainiako Kantabria, Errioxa, Burgos, Soria eta Zaragoza eta Frantziako Landetako zati txiki batekin batera.