«Genozidio egileekin komertziorik ez!». Hori irakur zitekeen gaur goizean Zuberoako Palestina Askatu kolektiboak antolatu elkarretaratzean. 30 bat lagun bildu dira, Bildoze-Onizepeko (Zuberoa) Etche Securite enpresak Israelekin duen komertzio harremana gelditzea galdegiteko, «milaka» bota ekoizten baititu Israelendako, arrisku kimikoetatik eta nuklearretatik babesteko.
Maika Etxekopar kolektibo horretako kideak esplikatu duenez, nahiz eta hastapenean boten igortzea blokeatzea zen xedea, azkenean blokeatze sinbolikoa egin dute. Esplikatu du Etche Securite merkataritzan aritzen dela estatu genozida batekin, eta harrigarria zaio enpresak bere buruari galderarik ez egitea Palestinako egoera ikusirik.
Aitzineko egunetan, kolektiboko kideek gutun bidez jakinarazi zioten enpresari Israelekin duen harremana gaitzesten dutela. Pierre Francois Etxegoien zuzendariak gutun bidez erantzun zien, eta argudiatu botak arrisku kimikoetatik eta nuklearretatik babesteko egiten dituztela, eta 50 urtez saldu dutela modelo bera munduan barna. «Manaketa horrek aukera ematen du gizonak eta emazteak babesteko. Bota modelo hori terreno arriskutsuetan ibiltzeko egiten dugu, eta batez ere, istripu industrial, nuklear edo bakteriologikoetatik babesteko».
«Komertzioa ez da neutroa, ez da egia. Posizio neutroa izanez, Israelek gauzatzen duen genozidioaren konplize zara»
MAIKA ETXEKOPAR Zuberoako Palestina Askatu kolektiboko kidea
Agiri horretan, enpresak argi utzi du zeregin «neutroa» duela, babeserako botek nazioarteko arauak errespetatzen dituztela eta gizakiak babesteko bakarrik ekoizten dituztela. Etxekoparrendako, berriz, merkataritza ez da «sekula neutroa», eta ez dute baztertzen etorkizunean enpresaren kontra «genozidio baten konplize izateagatik» salaketa pausatzea. «Komertzioa ez da neutroa, ez da egia. Posizio neutroa izanez, Israelek gauzatzen duen genozidioaren konplize zara».
Horrez gain, Etxekoparren erranetan, jakina da Israelek fosforo zuria erabiltzen duela «gerla kimikorako». Kolektiboko kideen hipotesia baizik ez da, baina erran dute balitekeela Israelek Zuberoan ekoitzi botak erabiltzea soldaduak leku lanjerosetara igortzeko. «Badakigu Libanon, Zisjordanian eta Gazan fosforo zuria baliatzen dutela Palestinaren kontra, eta duda sortu zaigu ea Israelek ez ote dituen botak baliatzen soldaduendako, baina hipotesia da bakarrik».