Paperik gabeko etorkinei osasun arreta jasotzeagatik urtean 710 euro kobratzearen aurka azaldu da EAJ, eta bat egingo du zerbitzu hori bermatzeko Eusko Jaurlaritzak abiatzen dituen ekimenekin. «Espero dugu Jaurlaritzaren asmoak hitzetan ez geratzea eta osasun arretaziurtatzea etorkinei. Ezin zaizkie eskatu etorkinei bete ezin dituzten sakrifizioak», esan du Iñigo Iturrate legebiltzarkideak.
Espainiako Gobernuak hilabetean 59,20 euro kobratu nahi dizkie zerbitzua erabiltzeagatik. 65 urtetik gorakoek, gainera, gehiago ordaindu beharko dute: hilero 155,40 euro. Salbuetsita geratuko dira haurdun dauden emakumeak, sexu esplotazioa jasan dutenak, errefuxiatu politikoak eta adingabeak. Horiei doan egingo diete kasu. Hori bai, botiken %40 pagatu beharko dute.
Iturratek salatu du PP «immigrazioaren mamua» zabaltzen ari dela krisiak eragindako arazoen aitzakia moduan. «Jarrera hori, bidegabea izateaz gain, ez da egiazkoa. Saiatzen ari dira iruzurra immigrazioarekin lotzen, eta guk ez dugu bat egingo halako politikekin».
Ez du uste ekonomikoki neurria eraginkorra denik: «Populazio osoa kontuan hartuta, paperik gabeko etorkinak gutxi dira. Gainera, neurri horrekin gainezka egin dezakete larrialdi zerbitzuek».
Paperik gabeko etorkinei osasun arretagatik kobratzea «onartu ezin daitekeen bazterketa bat» da, ELA sindikatuaren irudiko. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die neurria ez aplikatzeko. «Ondorio dramatikoak izan ditzakeen neurria da. Bilatzen duena da paperik gabeko etorkinak estigmatizatzea eta gertatzen ari denaren errudun egitea».
ELAren ustez, ez dago arrazoirik osasun arreta ukatzeko. «Gizarte batasunaren eta elkartasunaren aurkakoa da. Izan ere, osasun arretak unibertsala eta doakoa izan behar du, orain arte bezala».
Neurria indarrean ez jartzeko eskatu dio PSNk Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari. «Argi eta garbi esan nahi dugu neurriaren aurka gaudela». Ohar bidez, gogorarazi du2010ean Nafarroako Parlamentuak osasun alorreko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen foru legea onartu zuela. «Lege horrek argi uzten du osasun arreta bermatu behar zaiela Nafarroan bizi diren herritar guztiei, paperak dituzten edo ez kontuan hartu gabe. Gainera, parlamentuko zerbitzu juridikoek argi utzi dute Nafarroak ez duela zertan PPren neurria aplikatu. Eskumenak balia ditzake horretarako, eta Barcinari galdegin nahi diogu horiek defendatzea».
Etorkinei osasun arretagatik kobratzea salatu du EAJk
Espainiako Gobernuak paperik gabeak «estigmatizatu» nahi dituela iritzi dio ELA sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu