Gipuzkoako hainbat erietxetan etorkinei fakturak ematen dizkietela salatu zuen atzo, Donostian, Jatorri Anitz Herri Bat elkarteak. Etorkin askok, bestetik, osasun txartela lortzeko zailtasunak dituzte. «Erregularizatu gabeko pertsona migratzaileei eta osasun txartela ez dutenei urtebeteko errolda eskatzen zaie. Eskakizun hori dela eta, pertsona ugariri osasun laguntzak jasotzea ukatzen ari zaizkie, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ukatuz», azaldu zuen LABeko kide Leire Garrok, Jatorri Anitz Herri Bat elkarteko kideen izenean.
Salaketak Gipuzkoako hainbat herri eta hiritan bildu dituzte. Gehien errepikatzen diren gertaeren berri Euskal Islamiar Kontseiluko kide Sara Mchichouk eman zuen: «Kasu batzuetan, txartela zuzenean ukatzen zaie etorkinei. Beste batzuetan, tramitazioa abian jartzen bada ere, oso motel doa prozedura». Txartela ez duten gaixoak zuzenean larrialdi zerbitzuetara bideratzen dituzte.
Larrialdietan artatutako gaixo etorkinei, berriz, faktura bat pasatzen diete jasotako arretarengatik. «Aipatzekoa da larrialdietan fakturak asko garestitzen direla. Benetan larria da pediatria arretaren kasua. Adibidez, beherako bat artatzeagatik 150 euroko faktura pasatzen zaie familiei», salatu du Mchichouk. Fakturenondorioz pertsonek beldurra dutela esan dute Jatorri Anitz Herri Bat elkarteko bozeramaileek: «Mehatxatuak sentitzen dira, eta, nahiz eta gaixorik egon, ez dira osasun zerbitzuetara joaten. Egoera horrek ondorio larriak eragin ditzake, ez bakarrik gaixorik dauden pertsonentzat».
Gaixo kroniko eta pentsiodunen kasuan ere zailtasunak dituzte atzerritarrek. «Berrordainketaren ondorioz, kolektibo horiek zailtasun handiak dituzte tratamendua jasotzeko, botiken kostu altua tarteko». Halaber, osasun txartelik ez duen herritarrei botikak nabarmen garestitzen zaizkiela esan du Mchichouk.
Eskubideen urraketak salatuz
Gipuzkoar guztiak, eskubide guztiak lelopean, talde ugari bildu ditu Jatorri Anitz Herri Bat elkarteak: Al Fatiha, Bai Euskal Herriari, Esperanza Latina, Kolore Guztiak, CNT, Eusko Islamiar Kontseilua, Anitzak, LAB, Elkartzen, EHE, Harresiak Apurtuz, Bidez Bide, Adiskidetuak, Colectivo Bachue, Malen Etxea, Jatorkin, Arrats, Banda Bat, Topa, Asoleus, Eraldatzen, EILAS, Sortzen Ikasbatuaz, Eleak, ESK, Ikasle Abertzaleak, Bilgune Feminista, ADSIS, Kaebnai eta SOS Arrazakeria.
Guztien izenean, Igor Vaquerizo CNTko kideak beste eskubide urraketa batzuk salatu zituen: «Batetik, errenta eta etxebizitzarako laguntza osagarriaren tramitazioan eta kobratzean atzerapen handia izaten dute etorkinek, eta gehiegizko dokumen- tuak aurkeztera behartzen dituzte. Identifikazioak eta atxiloketak daude, bestetik. Eta bizitoki baimenaren berritzea ia sistematikoki ukatzen ari da Gipuzkoako gobernu ordezkaritza».
Jatorri Anitz Herri Bat elkarteak alderdi politikoei exijitu die pertsona guztiei osasun arreta bermatzeko, «edozein dela herritarron jatorria edo egoera administratiboa».
Maiatzean protesta ekintzetara deituko du elkarteak. Horretarako, aurretik eragileekin «lanketa bat» egingo dute.
Gipuzkoan gertatzen diren eskubide urraketak salatzeko www.denokgipuzkoar.net webgunea martxan dela gogorarazi dute elkarteko ordezkariek.
Etorkinei osasun txartela ukatu eta fakturak ematen hasi zaizkie Gipuzkoan
Eskubideen urraketa salatzeko, protesta ekintzetara deituko du maiatzean Jatorri Anitz Herri Bat elkarteak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu