Arrazakeriaren Aurkako Eguna

Etorkinentzako etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute

Mobilizazioak egin dituzte igandean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Bilbokoan, migratzaileek higiezinen sektorean jasaten duten arrazakerian egin dute azpimarra, eta, Donostiakoan, paperik gabeko migratzaileen babesgabetasuna salatu nahi izan dute.

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako manifestazioa, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 21a
21:56
Entzun

Arrazakeriak etxerik gabe uzten nau. Etxebizitza denontzat. Bizkaiko SOS arrazakeria taldeak etxebizitzan jarri du arreta aurten, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, eta lelo hori erabili dute igandean Bilbon egin duten manifestazioan. Irakurri duten manifestuan zera azpimarratu dute: oraindik ere arrazakeria eta xenofobia direla gaur egun «giza eskubideak urratzeko modu nagusietako bat, bizitzako esparru guztietan».

Hainbat eragilek eta faktorek arrazakeria legitimatzen dutela salatu dute, besteak beste, erakundeek, adin txikiko atzerritarren babes faltak, arraza dela-eta andreek zaintzaren arloan jasaten duten eskubide faltak, botoa emateko eskubiderik ezak... 

Horrez gain, gaitzetsi dute etorkinei eta ijitoei osasuna, hezkuntza edo bizilekua edukitzeko eskubidea ukatzen zaiela ere. Horretan jarri dute arreta berezia gaur, eta kasu jakin batzuk seinalatu dituzte, gehienak higiezinen sektorearekin lotutakoak: etxe agentziek eta etxebizitzak alokatzen dituztenek tratu baztertzailea ematen dutela arraza dela-eta, udalek zailtasunak jartzen dituztela erroldan sartzeko, auzokide arrazistek jazarpena eta oldarraldiak eragiten dituztela, eta espekulazioa dagoela etxebizitzen prezioen inguruan.

Gipuzkoan, honela zioen, esaterako, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko asmoz gaur Pasaiatik Donostiaraino eraman duten pankartak: Zure papera garrantzitsua da. Haiek paperik gabeko migratzaileen babesgabetasuna salatu nahi izan dute. Azaldu dute papergabeek «batere eskubiderik ez izatearen eguneroko infernuan» bizi behar izaten dutela, eta jakinarazi dute egoerak okerrera egin duela pandemiaren ondorioz. Gogoratu dute, halaber, etorkinek eskubideak dituztela, edozein administrazio egoeratan egonagatik ere, eta paperik ez edukitzea ez dela delitua: «Inor ez da ilegala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.