Ehunka gazte elkartu ziren ostiralean Soraluzen (Gipuzkoa), Matxinsalto egunean, euskal gazte mugimendua egituratu, beharrizanak aztertu eta etorkizunaz eztabaidatzeko asmoz. Antolakuntzako kide Oier Azkarragaren esanetan, bakoitzak bere ikuspuntua aurkeztea eta eztabaidatzea zen asmoa, eta hala egin zuten. Egun osoko jardunaren ostean, «gazte mugimenduaren etorkizuneko oinarriak» ezarri dituztela azaldu dio BERRIAri. Alegia, «gizartean lanean jarraitzeko eta iraultza bultzatzeko tresnak eta baliabideak» hartu zituzten.
Antolatzaileek espero baino gehiago bildu ziren. «Bazkaritarako 700 lagun espero genituen, eta prestatutakoa ez zen etorritako guztientzat iritsi», azaldu du Azkarragak. Tailerretako bat ere lekuz aldatu behar izan zutenparte hartzaile guztiak ez zirelako kabitzen prestatuta zeukaten tokian. Matxinsalto eguna ez zenez jaialdi handia izan, ez zuten espero hainbesteko jendetzarik. Hala ere, badu gertatutakoa azaltzeko argudioa: «Agerian geratu da euskal gazte mugimenduak eztabaidatzeko gogoa eta beharra duela, eta aukera hori aprobetxatu nahi izan du».
Iristeko hainbat traba gainditu behar izan zituzten, gainera. Goizean lau polizia kontrol jarri zituzten Soraluzerako sarrera banatan. Bi Espainiako Poliziarenak ziren, beste bat Guardia Zibilarena eta laugarrena Ertzaintzarena. Kontrol laburrak izan zirela dio Azkarragak, eta gazte guztiak geldiarazi zituztela. «Kontrola egin zutenek eta kontrolak agindu zituztenek beldurra diote gazteria batuta eta lanean, eztabaidatzen ikusteari».
Taldeko lana aldarri
Harrera ekitaldiarekin hasi zen Matxinsalto eguna. Kolektibotasuna eta elkarlana goraipatuz hasi zen hitzaldia. Lan kolektiboak funtziona dezan, baina, gutxieneko baldintza batzuk ezinbestekoak direla ohartarazi zuten. «Norbanakoak bere hondar alea eman eta jarrera iraultzaileak bereganatzea, autokritikoa eta inkonformista izatea eta errebeldea izatea» beharrezkoak direla, alegia.
Ondoren, zazpi tailerretan banatu ziren gazteak. Harremanak eta sexualitatea, komunikazioa, hezkuntza, kultura, aisialdia, nekazaritza eta sozio-ekonomia izan zituzten aztergai horietako bakoitzean. Azkarragaren esanetan, tailerretan nabarmen geratu ziren euskal gazte mugimenduaren «ahalmena eta kemena»: «Auzolanak zer-nolako indarra daukan ikusi genuen». Horren harira, eztabaidetatik atera duten ondorio nagusia aipatu du. Berak parte hartutako tailerretan eta kontatu diotenez gainontzekoetan ere honako hau nabarmendu zuten: «Elkarrekin lan egiten badugu txikitasunetik gauza handiak lor ditzakegula».
Kontzertuekin bukatu zen eguna, eta batzuentzat atzo eguerdira arte iraun zuen parranda amaigabearekin. Ostiraleko Matxinsalto egunak, baina, jarraipena izango duela iragarri du Azkarragak. Aurrerantzean Soraluzen ikasitakoa praktikan jarriko dute, «herriz herri eta auzoz auzo». Izan ere, haren esanetan, «kalean eta egunero egin behar da iraultza».
Etorkizunerako oinarriak jarri ditu Soraluzen gazte mugimenduak
Espero baino jende gehiago elkartu da Matxinsalto egunerako antolatutako ekitaldi eta tailerretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu