Arkitektura doktorea eta EHUko irakaslea

Unai Fernandez de Betoño: «Etxebizitza da prekaritate faktorerik handienetako bat»

Etxebizitzaren arazoa konpontzeko 30 neurri proposatu ditu Fernandez de Betoñok ‘Etxearen korapiloa nola askatu’ liburuan: «Hamar urtean egoera bideratu dezakegu».

Unai Fernandez de Betoño. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Unai Fernandez de Betoño. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egungo politika publikoen «inertzia» apurtu eta alokairu sozialeko parke publikoa lehenesten duen sistema sustatzea ezinbestekoa dela iritzi dio Unai Fernandez de Betoñok (Gasteiz, 1977), EHUko Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko irakasle eta EH Bilduko politikari ohiak. Bestelako etxebizitza politika baterako bide orri bat proposatu du Etxearen korapiloa nola askatu liburuan; UEUrekin eta Ipar Hegoa fundazioarekin batera ondu du lana.

Etxebizitzari buruzko liburu askok amaierarako uzten dituzte proposamenak, baina zuk arazoaren konponbiderako proposamenak aletu dituzu ezer baino lehen. Zergatik? 

Liburuak helburu politiko bat duelako: gaur egungo egoera eraldatzea eta hobetzea. Arazoa ezagutzen dugu, denok dakigu askok ez dutela etxebizitza duin baterako sarbiderik; beraz, zertarako hasi sarrera luze eta akademiko batekin eta amaierako utzi proposamenak? Interesgarriagoa iruditzen zitzaidan kontrakoa egitea, eta hasieratik 30 neurri proposatzea, hiru ataletan banatuta: politika, ekonomia eta gizartea. Nire ustez, egoerak konponbidea du, baina beharrezkoa da neurri horietako gehienak batera aplikatzea eta epe luze batean mantentzea.

Etxebizitzarena lehen mailako arazo bilakatu da, baina ohartarazi duzu irtenbiderik jartzen ez bazaio sistemak «krak» egingo duela.

Azken urteetan etxebizitza bihurtu da herritarren kezka nagusietako bat. Badakigu zer neurri jarri arazoari buelta emateko, baina ez dira aplikatu nahi. Politika publikoetan inertzia handia dago: jabetza pribatua sustatzen jarraitzen dute, etxebizitza babestu gutxi egiten dira, eta pobreentzako prestazioak eskaintzen dira. Eredu horrek ez du etorkizunik, eta buelta eman behar zaio. Osasun eta hezkuntza sistemetan sortu dugun moduko azpiegitura publikoa behar dugu etxebizitzan ere: sistema publikoa, iraunkorra, eta doakoa edo merkea.

Esan duzu liburua ez dela neutroa, posizio ideologiko batetik ari zarela. Zergatik azpimarratu duzu hori?

Gaur egun indarrean dauden politikak ere ez dira neutralak. Adibide argi bat: Eusko Jaurlaritzak abal publikoak jarri ditu gazteei 350.000 euroko etxeak erosten laguntzeko. Neurri hori neutral gisa aurkezten da, baina ez da hala: jabegoaren eredua sustatzen duelako zuzenean. Hori ez dator bat etxebizitza eskubide gisa ulertzearekin. Frankismo garaiko ministro batek esan zuen hobe zela jabeak izatea proletarioak izatea baino, eta ideia hori gaur egun arte iritsi zaigu. Nik kontrakoa defendatzen dut: sistema publiko eta sozial bat behar dugu, alokairuan oinarritua.

Zergatik bihurtu da etxebizitza pobretze faktore bat?

2008ko krisiaren ostean etxebizitza produktu finantzarioa bilakatu zen Espainian, eta, noski, baita Hego Euskal Herrian ere. Banku txar delakoa sortu zuten, Sareb delakoa, eta atzerriko inbertitzaileentzako pizgarriak eta putre funtsak sartu ziren etxebizitza sektorean. Gaur egun ere, inbertsio segurutzat jotzen da etxebizitza. 1980ko hamarkadatik aurrera neoliberalismoak etxebizitza publikoaren pribatizazioa sustatu zuen, eta gaur egun arte iritsi dira prozesu horren ondorioak. Gaur egun etxebizitza ez da eskubidea, inbertsioa baizik.

«1980ko hamarkadatik aurrera neoliberalismoak etxebizitza publikoaren pribatizazioa sustatu zuen, eta, prozesu horren ondorioz, gaur egun etxebizitza ez da eskubidea, inbertsioa baizik»

Liburuaren tesi nagusia da abian jarri behar dela alokairu sozialeko parke publikoa. 

Europako herrialde —Herbehereetan edo Danimarkan, adibidez— eta hiri askotan —Vienan, esaterako—, erdiko klaseko jende asko bizi da alokairu sozialean, eta ez dago estigmatizaziorik. Hemen, ordea, alokairu soziala «pobreentzako zerbait» dela saldu digute, eta horrek oztopo ideologiko handia sortu du. Hipoteka ordaintzea alokairua baino merkeagoa da askotan, eta horrek ez du inolako logikarik. Europako herrialde askotan, aldiz, kontrakoa gertatzen da: badaude elkarte pribatuak edo irabazi asmorik gabeko erakundeak ere alokairu soziala eskaintzen dutenak. Gurean, aldiz, ez da ia existitzen. Uste dut administrazio publikoek bultzatu behar dutela parke publiko sendo bat.

Baina horretarako baliabideak handitu behar dira. Gaur egungo diruarekin posible da?

Dirua badago, baina ez da ondo erabiltzen. Adibidez, Jaurlaritzak 144 milioi euro jarriko ditu abal publikoetan, kenkarietan 340 milioi euro galtzen dira urtero, eta prestazioetan 210 milioi gehiago gastatzen dira. Guztira, 700 milioi euro inguru urtero. Diru hori parke publiko bat sortzeko jarriz gero, askoz eraginkorragoa litzateke. 

Zergatik ez da urratsik egiten? Borondate politikoa falta da?

Hego Euskal Herrian ez da bultzatu nahi. Ipar Euskal Herrian, berriz, badago alokairu sozialaren tradizioa, eta hemen baino hiruzpalau aldiz handiagoa da. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2015eko Etxebizitza Legea da horren adibide garbia: oposiziotik atera zen, baina haren aplikazioa hamar urtez atzeratu dute, eta orain, gainera, atzera egin nahi dute zenbait kontutan.

«Hipoteka ordaintzea alokairua baino merkeagoa da askotan, eta horrek ez du inolako logikarik. Europako herrialde askotan, aldiz, kontrakoa gertatzen da: badaude elkarte pribatuak edo irabazi asmorik gabeko erakundeak alokairu soziala eskaintzen dutenak»

Etxebizitzaren arazoa ez da ekonomikoa bakarrik, soziala ere bada. Gizartearen presioak lagunduko al du korapiloa askatzen?

Funtsezkoa da. Espainiako Estatuan Kaleratzeak Stop mugimenduari esker ikasi genuen hipoteken abusuzko klausulak bazirela. Epaitegietan lortu zituzten garaipenak. Orain, antzeko zerbait gertatzen ari da alokairuekin: sindikatu berriek abusuzko klausulak salatzen dituzte, eta lehen epaiak irabazten hasi dira. Bloke oso batek erabakitzen badu abusuzko alokairuak ez ordaintzea, putre funts batek ezin izango ditu denak batera kaleratu. Kolektiboki indar askoz handiagoa dago. 

Neurriak hartzen ez badira, gizarte arrakala handitzeko arriskua ikusten duzu?

Kalean inoiz baino jende gehiago bizi da, alokairuan bizi diren askok ez dute egonkortasunik eta ez dute bizi proiekturik egin ahal... Horrek gizarte arrakala handitzen du. Uste dut sindikatu klasikoek ere gai hau bere egin behar dutela. Ez da soilik lan arloko kontua: etxebizitza da prekaritate faktorerik handienetako bat.

Egoera konpondu daiteke?

Bai, guztiz. Hau ez da fenomeno meteorologiko bat, erabaki politikoengatik gaude egoera honetan, eta bestelako erabakiekin atera gaitezke. Ez dut zalantzarik. Liburuan jasotako 30 neurriak aldi berean eta modu iraunkorrean aplikatuz gero, hamar urtean egoera bideratzeko moduan egon gaitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.