Etxebizitza edo ardura postuak eskuratzeko orduan izaten da diskriminaziorik handiena, Ikuspegiren arabera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzioak eta jarrerak aztertu ditu Ikuspegik. Haien arabera, ijitoek jasaten dute diskriminaziorik handiena.

Ijitoek dendetan jasaten duten diskriminazioaren aurka Amugek deitutako manifestazioa Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ijitoek dendetan jasaten duten diskriminazioaren aurka Amugek deitutako manifestazioa Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko apirilaren 30a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek badakite gizartean diskriminazioa dagoela. Hala jaso du Ikuspegiren Euskadiko biztanleek diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzioei eta jarrerei buruzko inkestak —inkesta 2024. urteari dagokio—. Are, %45,9k uste dute «arazoa nahiko handia» dela. Uste dute etxebizitza edota ardura postuak eskuratzeko aukeretan nabari dela diskriminaziorik handiena.

Hain justu, inkesta erantzun duten hamar pertsonetatik zazpik uste dute bai etxebizitza eta bai laneko ardura postu bat lortzeko orduan «ezberdintasunak» egiten dituztela, «pertsonaren arabera». Etxebizitza lortzeko orduan, adibidez, diskriminaziorako arrazoien artean gehien aipatutakoak hauek dira: «Baliabide ekonomiko gutxi izatea, atzerritar jatorrikoa izatea, ijitoa izatea eta langabezian egotea».

Bestalde, herritarren erdiek baino gehiagok uste dute ijitoek jasaten dutela diskriminaziorik handiena. Jatorri etnikoa ere bada diskriminaziorako arrazoi bat, baita atzerritarra izatea ere. Azalaren koloreak eta itxura fisikoak ere eragina dute diskriminazioa pairatzeko garaian.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.200 herritarrek hartu dute parte Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren inkestan. Galdetegiaren bidez, herritarrek aniztasunaren inguruan duten jarrera eta irekitasuna ikertu nahi dute «eremu guztietan», baita diskriminazioaren pertzepzio soziala aztertu ere. Gaur argitaratu dituzte ikerketa horren emaitzak, Bilbon. Ondorio nagusi moduan, jakinarazi dute herritar gehienek nahiago dutela gizarte plural batean bizi, hau da, jatorri, kultura, erlijio sinesmen, sexu orientazio eta identitate desberdinetako pertsonekin, homogeneotasuna nagusi den gizarte batean baino.

«Datuen arabera, diskriminazio estrukturala dago, eta diskriminazio horrek bereziki eragiten die ijitoei, atzerritar jatorrikoei, emakumeei eta baliabide ekonomiko txikiak dituztenei»

JULIA XERXNEVAIkuspegiko zuzendaria

Nahi horrek, baina, ez du islatzen egungo errealitatea. Iaz, sei lagunetik bat baztertuta sentitu zen. Diskriminazio horrek eragin handiagoa izan zuen emakumeengan (%23,2) gizonengan baino (%9,4). Diskriminazioa jasan zutenetatik %40,2k «emakume izateagatik» pairatu zuten. Beste batzuek, berriz, gaztea, etorkina edo adinekoa izateagatik, edota itxura fisiko orokorrarengatik. Hein txikiago batean, hizkuntza, jatorri etnikoa edo desgaitasunen bat izatea izan ziren diskriminazioa jasateko arrazoia. Gertakari gehienak esparru publikoan eta lan esparruan izan ziren.

Aurkeztutako kexak

Baztertuta sentitu ziren herritar guztietatik %16,1ek baino ez zuten kexa, erreklamazio edo salaketaren bat aurkeztu. Zergatik? Hainbat arrazoi eman dituzte herritarrek. Hamarretik seik, adibidez, uste dute salaketa jartzeak ez duela «ezertarako balio». Beste batzuek, berriz, adierazi dute egoera ez zela neurriak hartzeko bezain larria, edo ez zekitela nora jo. Aipatzekoa da batzuek ez zutela salaketa aurkeztu iritzita diskriminazioa «ohikoa» dela gizartean.

Nork bere larruan bizi izandako diskriminazio egoerei buruz ez ezik, ikusitako egoeren inguruan ere galdetu diete herritarrei. Inkestaren arabera, %26,7 horrelako egoeraren baten lekuko izan ziren iaz. Arrazoi ohikoenak jatorria, etnia eta azalaren kolorea izan ziren. «Datuen arabera, diskriminazio estrukturala dago, eta diskriminazio horrek bereziki eragiten die ijitoei, atzerritar jatorrikoei, emakumeei eta baliabide ekonomiko txikiak dituztenei», ohartarazi du Julia Xerxneva Ikuspegiko zuzendariak.

Lan esparruari dagokionez, herritarrak prest daude «baliabide ekonomiko gutxi dituztenak, heterosexualitateaz bestelako sexu orientazioa dutenak, beste erlijio batekoak direnak, adinekoak, pertsona transak, desgaitasunen bat dutenak eta atzerritar jatorrikoak» kontratatzeko. Prestasun hori, baina, apaldu egiten da buruko gaixotasunen bat dutenekin (%64,7), baita ijitoekin ere (%62,3). Era berean, %80k baino gehiagok alokatuko liekete etxea «adinekoei, heterosexualak ez direnei, desgaitasunen bat dutenei, pertsona transei edo beste erlijio batekoei». Atzerritarrei, berriz, %72,2k alokatuko liekete etxea, %9,8k izkin egingo liokete aukera horri, eta %11,7k ez lukete egingo.

Arrakala horiek handitu egiten dira herritarrei inguruko jendeaz galdetzean. Hau da, senideek edo lagunek haiek bezala jokatuko ote zuten galdetuta, datuok aldatu egiten dira. Esaterako, galdeketan parte hartu dutenen %62,3k esan dute ijito bat kontratatuko luketela, baina ingurukoek berdin jokatuko luketela uste denak %45 dira.

Emaitzak ikusita, Xerxnevak ezinbestekotzat jo du «berdintasun politika publikoak indartzea, salaketak aurkezteko bideak erraztea eta, aldi berean, pertsonen arteko diskriminazioa desagerrarazteko lan egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.