Etxebizitza legearen errege dekretu berria onartzekoa zen bihar Espainiako Ministro Kontseilua, baina, neurriak behar adinako babesik ez duela jakinda, mahaira ez eramatea eta irailera arte atzeratzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Izan ere, Madrilek egindako kalkuluek ez dute ematen Kongresuan gehiengoa lortzeko: Podemosek ez ditu bere lau botoak erabiliko legea aurrera atera dadin.
Hilabeteak eman ditu Espainiako Gobernuak Pedro Sanchez presidente egin zuten indar politikoekin negoziatzen, eta, hasieran akordio bat lortzea urrun egon zitekeela zirudien arren, Etxebizitza Ministerioak EFE albiste agentziari esan dionaren arabera «inoiz baino gertuago dago akordioa». Etxebizitza krisiari aurre egiteko zenbait neurriz osaturik dago lege-dekretu proposamena; eta alderdi bakoitzak baten edo bestearen alde egin du bereziki. Sumarrek, adibidez, alokairu kontratuen luzapenean jarri du arreta; EAJk eta PSOEk, bestalde, zoruaren legearen erreforma bat bultzatu dute.
Bada, jeltzaleek babestutako neurria da hautsak harrotu dituena. Podemosen aburuz, proposatutako aldaketek bide emango dute espekulazioa eta «pilotakada urbanistikoak» areagotzeko.
Horiek horrela, ezkerreko alderdiari «denbora» ematea erabaki du PSOE-Sumar koalizioak. Testuaren «konplexutasuna» dela medio, legea ahalbidetu dezaketen indar politikoek ondo azter dezaten eta azken negoziazioak egin ditzaten nahi du. «Etxebizitzak arrazoizko prezioetan saltzea eta alokairuan bizi direnei egonkortasuna bermatzea ahalbidetuko duen neurri bat lor dezakegu», adierazi du ministerioak.