Etxebizitzaren arazoa «merkatuaren logikatik aldentzeko» hainbat neurri jaso dituzte liburu batean

‘Etxearen korapiloa nola askatu’ liburua ondu du Unai Fernandez de Betoñok, UEUrekin eta Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean. Etxebizitzaren korapiloa konpontzeko alokairu sozialeko parke publikoa lehenestea proposatu du, besteak beste.

Unai Fernandez de Betoñok 'Etxearen korapiloa nola askatu' liburua idatzi du. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Unai Fernandez de Betoñok 'Etxearen korapiloa nola askatu' liburua idatzi du. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko irailaren 11
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitzaren arazoa «erabaki politiko jakin batzuen» ondorio da, eta, beraz, bestelako erabaki politikoen bidez lortu ahalko da aferari buelta ematea. Unai Fernandez de Betoño EHUko Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko irakasle eta EH Bilduko politikari ohiarena da gogoeta, eta Etxearen korapiloa nola askatu liburuan ere bilduta dago, etxebizitzaren arazoaz egin duen hausnarketa zabalarekin batera. UEUrekin eta Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean ondu du lana Fernandez de Betoñok. Gaur aurkeztu dute liburua Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. 

Etxebizitza da gaur egungo erdiko klasearen eta klase apalen «pobretze faktore» nagusietako bat, eta, soluziorik jartzen ez bada, litekeena da sistemak «krak» egitea, Fernandez de Betoñok ohartarazi duenez. Arazoaren jatorria ulertzeko hainbat gako eman ditu egileak liburuan, baina baita korapiloa askatzen lagundu dezaketen irtenbide «egingarriak» proposatu ere. Zehazki, etxebizitza politika «justu» baterako 30 proposamen bildu ditu, hiru ardatzetan banatuta: politika, ekonomia eta gizartea. Egilearen ustez, neurriok eraginkorrak izateko aldi berean hartu beharko lirateke, eta denbora luzez mantendu.

«Instituzioek etxebizitza merkatuaren politikari jarraitzen diote, eta banketxe, patronal eta higiezinen enpresen interesak babestu»

UNAI FERNANDEZ DE BETOÑO EHUko irakaslea

Euskal Herriko begirada ardatz hartuta idatzi du liburua Fernandez de Betoñok, eta ikuspegi orokor horretatik egin du indarrean diren etxebizitza politiken azterketa eta horiek aldatzeko neurri sortaren proposamena. Egungo egoerari so, kritika egin die instituzioen etxebizitza politikei, uste baitu «etxebizitza merkatuaren politikari» jarraitzen diotela, eta «banketxe, patronal eta higiezinen enpresen interesak babestu».

Egilearen aburuz, etxebizitzaren korapiloa askatzeko, merkatuaren logikatik aldendu beharra dago, eta «etxe merkeak eta iraunkorrak» eskaini. Haatik, haren iritziz, gaur-gaurkoz ez dago halako neurriak abiatzeko interes politikorik, etxebizitzaren prezioa «etengabe» igotzea baita batzuen eta besteen interesen helburua.

Alokairu soziala, lehentasuna

Liburuaren tesi nagusietako bat zera da, alokairu sozialeko parke publikoa lehenetsi behar dela. Europako hainbat herrialde eta hiritako eredu arrakastatsuak aztertu ditu —hala nola Vienakoak, Danimarkakoak eta Herbehereetakoak—, eta horietatik irakasgaiak atera ditu Euskal Herrirako. Besteak beste, honako hau proposatu du: etxebizitza parke publikoa handitzea, bigarren etxebizitzen erabilera soziala sustatzea eta turismorako erabilera mugatzea.

Egilearen aburuz, Hego Euskal Herrian alokairu sozialaren alde egindako urratsak ez dira aski, eta bi datu eman ditu hori bistan jartzeko. Bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 85.000 eskatzaile daude Etxebideren zerrendetan alokairu sozialeko etxebizitza baten esperoan, baina Jaurlaritzak 28.000 etxebizitza bakarrik eskaintzen ditu. Bi: Hego Euskal Herrian alokairu sozialean dauden etxebizitzen kopurua Danimarkako, Herbehereetako edo Austriako eskaintza baino bederatzi aldiz urriagoa da, eta Europako Batasuneko batezbestekoa baino ia lau aldiz txikiagoa. Hori ikusita, zera proposatu du: «Erronka nagusia da alokairu sozialeko etxebizitzak hirukoiztea edo laukoiztea».

Esparru ekonomikoari dagokionez, Fernandez de Betoñok uste du lehentasunezkoa dela etxebizitzak «negoziorako» erabiltzeari uztea, eta hainbat arlotan egiten den «espekulazioari» amaiera ematea. Horretarako, besteak beste, ezinbestekotzat jo du etxebizitza hutsen gaineko zergak handitzea, hipoteka eta alokairuen prezioak mugatzea, eta putre funtsen jardueraren gaineko kontrola zorroztea.

Gizarte arloan, funtsezkotzat jo du mugimendu sozialen eta sindikatuen arteko aliantza. Egilearen arabera, korapiloa askatzeko hiru zutabe behar dira: gobernuen ekintza eraldatzailea, mugimendu sozialen presio iraunkorra eta herritarren parte hartze aktiboa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.