Etxebizitzaren Bartzelonako Behatoki Metropolitanoko zuzendaria

Aleix Arcarons: «Etxebizitzaz ahazten gara aurrekontuetan»

Aditua da etxebizitzari buruzko datuetan. Datuak ematen dizkiete erakunde publikoei, eta baita arazoei aurre egiteko aholkuak eta irizpideak ere.

Aleix Arcarons, Bartzelonako Etxebizitzaren Behatoki Metropolitanoko bi zuzendarietako bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Aleix Arcarons, Etxebizitzaren Bartzelonako Behatoki Metropolitanoko bi zuzendarietako bat. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 19a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bartzelonako Udalak, AMB Bartzelonako Metropolialdeak, Bartzelonako Diputazioak eta Generalitateak 2017an sortu zuten Etxebizitzaren Bartzelonako Behatoki Metropolitanoa. Bi zuzendari ditu, eta haietako bat da Aleix Arcarons (Bartzelona, 1990). House Action kongresuan parte hartu du. Datuek ekintza publikoetan duten garrantziaz hitz egin du.

Datuak biltzeaz gain, aholkuak edo irizpideak ematen dizkiezue erakundeei?

Bai. Etorkizunerako ideiak ematen saiatzen gara. Arazoa orain dugu, baina konponbidea etorkizunean etorriko da.

Aintzat hartzen zaituztete?

Bai. Normalean asko erabiltzen gaituzte, eta aintzat hartzen gaituzte. Datu sendoak jartzen ditugu mahai gainean, gero haiek politikak erabakitzeko.

Etxebizitzari buruzko datu pila bat daude. Horietako asko interesatuak dira? Sektoreko eragileenak?

Datu asko daude. Datu sendoak behar dira hitz egiten hasteko eta iritzi ezberdinak izateko. Alokairuen berri izateko, esaterako, Incasol Kataluniako Lurzoruaren Institutuaren datuak erabiltzen ditugu [Kataluniako alokairu kontratuen bermeak kudeatzen ditu Incasolek].

Etxebizitzak eskaintzen dituzten atarietakoak ez?

Ez. Bi arazo nagusi dituzte: alde batetik, beti eskaintzaren datua ematen dute, ez kontratuena, eta ikusten dugu haien prezioak ez datozela bat gero Incasolen ordaintzen diren bermeekin; bestetik, eskaria oso handia da, eta atariak jada ez dira alokairuen eskaintzaren adierazgarri.

Zergatik ez dira adierazgarriak?

Etxe agentzia askok onartzen dute ez dutela iragarkia jarri ere egiten. Etxea errentan hartu nahi dutenen itxaron zerrenda oso handia dutenez, etxeren bat eduki orduko, zain dagoen jendeari ematen diote, iragarkia jarri ere egin gabe. Atari horiek ez dute sinesgarritasunik alokairuaren merkatua aztertzeko: bermeetara jo behar da.

Datu batek zenbait interpretazio izan ditzake.

Datu berdinek ikuspegi ezberdinak eragin ditzakete. Horretarako, ona da ezaugarri ezberdinetako jendea elkartzea: sektore publikokoak, pribatukoak, bertan bizi direnak, elkarteetakoak... Herritarrek esango dizute datuetan ez dela islatzen kalean gertatzen ari dena. Oso positiboa da kritikak jasotzeko aukera izatea. Agian ez da akordiorik lortuko, baina egoera hobeto ulertuko da. 

Jakina da turismoa arazo dela Bartzelonan. Nola eragiten dute etxe turistikoek? 

Bartzelonan 10.800 etxe turistiko daude erregistroan. Ez dute etxebizitza funtzioa betetzen: jarduera ekonomikorako erabiltzen dira. Udala sekulako ikuskatze lana egiten ari da erregistratuta ez dauden etxe guztiak aurkitzeko: talde zabal bat etxe turistikoak banan-banan ikuskatzen ari da ea erregistratuta dauden ikusteko, eta erregistratuta ez badaude, espedientea abiatzen dute. Bartzelonan legez kanpoko etxe turistiko oso gutxi daude. Datuek erakusten dute ikuskatzeko baliabideak jartzen dituzunean jendeak arauak betetzen dituela.

2028rako denak desagerrarazi nahi ditu Bartzelonako Udalak.

790.000 etxetik ia 11.000 dira. Proportzioan, oso gutxi dira. Desagertuz gero, ez dute aparteko eragina izango merkatuan, baina kontzeptualki bai, 10.000 etxe berreskuratuko baitira etxe gisa erabiltzeko. Ikusiko dugu nola funtzionatuko duen.

Bartzelona tentsio handiko eremu izendatzeak urtebetean izan duen eraginari buruzko datuak aurkeztu dituzue. Alokairuen prezioa %8,9 apaldu da. Emaitza ona.

Alokairuen prezioa apaldu da, baina helburua ez da alokairuen prezioa erdira jaistea. Alokairuen prezioa mugatzearen helburua, funtsean, ez garestitzea da. Serie historikoa ikusiz gero, joera goranzkoa izan da, eta, neurri hori hartuko ez balitz, gora egiten jarraituko luke. Prezioari dagokionez, ez dago eztabaidarik, positiboa izan da.

Alokairuen bolumenari buruzkoa da eztabaida. Sinatutako kontratuen kopurua jaisten ari da, baina ez muga jarri zenetik, urte batzuk lehenagotik baizik. Beraz, alokairuen prezioa mugatzearen ondorio dela esatea gehiegi esatea da. Kontratu gehiago sinatzen ari dira bertan behera geratzen ari direnak baino. Beraz, saldoa positiboa da. Alokairua hazten ari da Bartzelonan.

Etxebizitzaren prezioaz hitz egiten da, baina ondasun gisa aztertzen da. Ez al da falta etxebizitza arazoak herritarren osasunean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan duen eraginari buruz gehiago hitz egitea?

Erabat. Gaur egun ezin zaie etxe bat eman etxe bat behar duten herritar guztiei. Beraz, haietako askok gizarte zerbitzuetara jo beharko dute, eta laguntza jaso beharko dute. Agerikoa da horrek eragin zuzena duela. Ongizate estatuak baditu oinarri batzuk: kalitatezko hezkuntza publikoa, osasun publikoa, Gizarte Segurantza eta gizarte zerbitzuen sare bat. Etxebizitzaz ahazten gara. Etxebizitzaz ahazten gara aurrekontuetan. Etxebizitzaren arloa oso gaizki finantzatu da, eta horrek eragina du gainerako oinarri sozialetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.