Ipar Euskal Herrian konfinamendua abiatu zela hilabete betetzear dela prentsa agerraldia egin du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak bideo-konferentzia bidez. Ipar Euskal Herriko enpresei dei egin diela erran du, maskarak eta bestelako babes neurriak frabrikatzeko gai ote diren jakinarazi dezaten. "Konfinamendutik ateratzea ez da egun batetik bestera eginen, eta herritarrek maskarak beharko dituztela aurreikusten dugu. Ez du dena konpontzen baina babes neurri bat gehiago da; gehitzen dugun babes neurri oro funtsezkoa da". Enpresa batzuekin kontaktuan da jadaneko, eta gehiago ere izanen direla espero du. "Nahi dut [Ipar] Euskal Herria burujabea izan dadin arlo horretan".
"Harro" agertu da, hiru probintzietan zerbitzu publikoen jarraikortasuna bermatua izan delako. "Ezin zen aurreikusi halako krisi bat. Badu hiru aste plantan ezarri genezakeen guzia ezarri dugula", adierazi du lehendakariak, eta Euskal Elkargoak ekintza sanitarioa osatu duela gaineratu du. "Guretzat ezinbestekoa da. Herriko etxek beren baitarik egiten ahal ez dutena laguntzen entseatzen gara". Tokian tokiko iniziatibak lagundu dituzte, besteak beste, barnealdean prestatzen ari diren mediku postu aurreratuak ezartzeko, "epidemiak gailurrak harrapatu behar balitu erantzun ahal izateko".
Euskal Elkargoak "ardura ekonomikoa" ere baduela gaineratu du Etxegaraik. "Iratzartzea zaila izanen da eta prestatu beharko gara". Enpresei laguntza eskainiko dietela nabarmendu du, tartean, laguntza psikologikoa. Akitania Berriarekin elkarlanean arituko dira, eta jadaneko enpresa txikienentzat laguntza ekonomikoa adosten ari direla jakinarazi du. "Ezinbestekoa da ekonomia berriz abiatzea. Hor izanen gara enpresak laguntzeko". Euskal Elkargoa "zorpetu" beharko dela adierazi du.
Halaber, azken egunetan sortu diren iniziatibek izan duten arrakastaren uhaina harturik, tokiko produktuak zirkuitu laburrean komerzializatzeko modu berriei buruzko proiektu deialdi bat abiatuko dutela iragarri du. "Krisi honek gure kontsumo moduez gogoetatzera eraman behar gaitu".
Hauteskundeak eta festak
Herriko bozekin gertatuko denaz ere mintzatu da Jean Rene Etxegarai. Heldu den astelehenean Emmanuel Macron Frantziako presidenteak horri buruko iragarpenak eginen dituela espero da. Bozen lehen itzuliaren biharamunean, bigarren itzulia ekainerako gibelatzea aipatu zuten, baina, horretarako "aukera gutxi" ikusten duela erran du Etxegarai. "Konstituzionalista guziak ados dira errateko uda pasatzen bada bi itzuliak errepikatu beharko direla", adierazi du. Onartu du koronabirusaren hedapenagatik ez zirela behar bezalako baldintzetan iragan. Baionaren adibidea hartu du: "herri baten kasuan %70 baino gehiagoko abstentzioa delarik, bozen emaitzaren zilegitasuna zalantzan eman daiteke".
Kazetarien galderei erantzunez, Baionako bestak ere izan ditu hizpide; uztaila bukaeran izan ohi dira, eta Ipar Euskal Herriko ekitaldi jendetsuenetako bat izaten da. Frantziako Gobernuari galdera eginen diola adierazi du: "momentuko duda handiak ditut; seguruenik konfinamendutik ateratzen arituko gara". Hala ere, erabakia Frantziako estatuarena izanen dela nabarmendu du. Uztaila bukaeran egitea posible izanen ez balitz, gibelatzeko eskatuko duela erran du.