Etxegaraik erran du ez dutela «laxatuko» EEPren aurrekontuaren negoziazioa

Bilkura eginen dute aurki EEP osatzen duten erakundeetako presidenteekin aurrekontuaren auzian konponbideak lortzeko helburuarekin. Bakoitza bere ardura hartzera deitu du lehendakariak.

Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko irailaren 27a
17:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gai ordenan aurreikusia ez bazen ere, euskararen aldeko hizkuntza politikaren gaiak leku berezia hartu du larunbat honetan iragan den Euskal Hirigune Elkargoko batzarrean. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontua adosteko egin duten proposamena berretsi dute Jean Rene Etxegarai lehendakariak eta Antton Kurutxarri hizkuntza politikarako lehendakariordeak. Departamenduaren eta eskualdearen finantza egoera «zaila» argudio hartuta erantzun diete hainbat hautetsik. 

Nicole Etxamendi Bil Gaiten talde politikoko eledunaren hitzaldi batek piztu du eztabaida. Bere ibilbide pertsonala hizpide hartuta, kontatu du 1970eko hamarkada hasieran sortu zela, familia euskaldun batean, baina hizkuntza «oso partzialki» transmititu ziotela. «Ez zen ahanzte bat izan, ezta istripu bat ere. Behin eta berriz errepikatu, mailukatu eta instituzionalizatutako mezu baten emaitza izan zen: euskarak ez zuela etorkizunik, ez zuela funtzio sozialik, ez balio ekonomikorik, ez lekurik gizartean». 

«Frantziako Estatuak asumitu beharko luke kalte linguistiko horren erreparazioa; ordea, badirudi okertzen ari dela»

NICOLE ETXAMENDI Bil Gaiten-eko hautetsia

Hizkuntza berreskuratzeko egin duen ibilbidea aipatu du, euskalgintzako eragileen lana goraipatuz. Bide horretan, EEPk izan duen lekua azpimarratu du. «Frantziako Estatuak asumitu beharko luke kalte linguistiko horren erreparazioa; ordea, badirudi okertzen ari dela», adierazi du. 

EEPren egoerari buruzko eztabaida luzea sortu du Etxamendiren hitzaldiak. «Kezkarekin bat egin» du Maider Behotegik —bera da EEPko lehendakaria—, eta iragarri du aurki bilkura bat eginen dutela EEP osatzen duten hiru erakunde publikoetako lehendakariekin eta Frantziako Estatuko ordezkariekin. 

Kurutxarrik erran du orain arteko proposamena berretsiko dutela bilera horretan: erakunde bakoitzak 300.000 euroko emendatzea egitea, eta Euskal Elkargoak beste 350.000 euro gehitzea, ekintza jakin batzuk finantzatzeko. Hartara, oinarrizko aurrekontua 1,2 milioi euro emendatuko litzateke —1,5 milioi elkargoaren gehigarriarekin—. «Badakigu ez dela nahikoa. EEPk egindako lanagatik, badakigu hizkuntzarentzat perspektiba ilunak ditugula; hala ere, garai zail hauetan erakundeen borondate indartsu bat erakutsiko luke euskararen aldeko hizkuntza politikari begira». 

Emateko besteei kentzea

Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak hartu du hitza, Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakariorde ere badelako. Diru falta argudiatu du beste behin. «Ez da ametsik egin behar. 300.000 euro gehiago eskatzen dituzue, baina 40 milioi euroren bila ari gara gure aurrekontua osatzeko». 

Etxegaraik, berriz, erran du egoera zinez kezkagarria dela. «Inkesta soziolinguistikoek erakusten digute orain arte irabazi dugun guzia galtzeko arriskua dugula». EEPren aurrekontuari begira, azken hilabeteetan izan den instituzioen arteko jokoa deitoratu du. «Euskara da hemen biktima bakarra». Eta abisua eman du: «Ez dugu laxatuko!»

Departamenduaren finantza egoera «damugarria» izanik ere, uler daitekeela erran du. «Haatik, erratea estatuak eta eskualdeak ezin dituztela bakoitzak 300.000 euro ekarri... Bakoitzak har dezala bere ardura!», egin du aldarri ahotsa igota.

«[Departamenduak] euskarari diru gehiago emateko, euskal kulturaren lerrotik kendu beharko dugu diru hori»

MAIDER BEHOTEGI EEPko lehendakaria

Sandrine Derville Angeluko hautetsi eta eskualdeko lehendakariordeak erantzun dio Akitania Berria ere finantza egoera «zailean» dela. «Nik ezin dut hitzeman 300.000 euro lortzeko gai izanen garenik. Eta lortzen baditugu, beste leku batetik kendu beharko dira». Euskal Herrira bideratutako diru funts batetik kendu beharko litzatekeela iradoki du. «Ez dut erraten hala arrazoituko dugunik, baina egoera biziki konplikatua da, eta zuhurtziaz jokatu behar dugu promesak egin aitzin». 

Aukera baliatu du Behotegik departamenduan molde berean jokatu beharko dutela errateko. «Euskarari diru gehiago emateko, euskal kulturaren lerrotik kendu beharko dugu diru hori». 

Mixel Esteban Baionako hautetsiak Eusko Jaurlaritzari begira jartzea proposatu du. «Hego Euskal Herriko instituzioek lagun gaitzakete. Zergatik ez ditugu partaidetzak lantzen?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.