ERREPIDEAK

Etxegaraten kamioiei kobratzen hastea ez dute onartu

EAJk aurkeztu du proposamena Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina, aski babes ez zuela ikusita, atzera egin du. Bilduk, Aralarrek eta PPk beste testu bat atera dute aurrera: martxoa amaitzerako, errepideak finantzatzeko plan bat aurkeztu beharko du diputazioak.

2012ko azaroaren 13a
14:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxegarateko mendatean kamioiei ez diete oraingoz bidesaririk ezarriko. EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman du gaur proposamena, baina atzera egin du azkenean, aurrera ateratzeko modurik ez zuela ikusita. Hiru alderdik elkar hartu dute beste testu bat onartzeko: Bilduk, Aralarrek eta PPk. Gipuzkoako errepideak pagatzeko finantzaketa plan bat aurkezteko eskatu diote hiru alderdi horiek diputazioari. Martxoa amaitzerako egina egon behar du.

Aldundiak "eredu oso bat" aurkeztu behar duela erabaki dute hiru alderdi horiek; hots, ez dute balekotzat jo N-1 errepidean soilik jartzea bidesaria. "Gizarte beharrak" kontuan izan beharko ditu araudi berriak. 

Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatu Larraitz Ugartek nabarmendu du EAJren jarrera bistan utzi duela gaurko saioak: "Errepideak finantzatzeko proposamen seriorik ez daukala argi geratu da. Elkarrizketa haustea soilik nahi du, eta gero eta bakartuago dago". EAJren izenean, Markel Olanok adierazi du ados jartzea izan dela jeltzaleen helburua, eta, horrelakorik ez zela ikusita, atzera egitea erabaki dutela. Olanok dio euren proposamena dela lehenbizi kamioientzat bidesaria jartzea Etxegaraten eta gero zabaltzea sistema hori herrialdeko lehen mailako sarera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.