Gizartea

Etxeko laguntza zerbitzua beste kolektiboetara zabaltzeko beharra antzeman du Gipuzkoako Aldundiak

Sektorearen inguruko ikerketa aurkeztu dute gaur aldundiko ordezkariek eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek. Horren arabera, erabilerak %20 egin du behera 2007 eta 2013 artean.

2015eko apirilaren 15a
10:03
Entzun

Gipuzkoan 4.875 pertsonak jaso zuten zerbitzua 2013an, baina 6.146k 2007an. Azaldu dutenez, prezioa, malgutasun maila eta sektoreko merkatu beltzaren lehiakortasuna izan dira beherakadaren eragile nagusiak.

Horri aurre egiteko, berrordainketa merkatzearekin batera, zerbitzuaren ordu kopurua handitu beharko dute, hala behar dutenentzat. Bestetik, baztertze arriskuan dauden gazteei eta zaintza beharrak dituzten beste herritarrei arta zerbitzua zabaltzearen alde azaldu dira.

Langileen egoera hobetzeko beharra ere badagoela uste dute Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak eta Iker Uson Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Sektoreko langileek lan hitzarmen kolektiboa behar dute; izan ere, ez dute haien lan baldintzak erregulatzen dituen itunik.

Ikerketan jasotako ondorioei aurre egiteko etorkizunean probarako egitasmoak abiatu beharko direla azaldu dute, proposatutako neurrien eraginkortasuna frogatzeko. Horretarako beharrezkotzat jo dute etxeko zerbitzuaren ikuspegiari, edukiari eta finantzaketari buruzko erakundeen arteko akordio berria adostea. Udal zerbitzua bada ere, egun, Gipuzkoako Aldundiak zerbitzuaren %70 finantzatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.