Loiolako basilikan elkarretaratzea egin zuten atzo hainbat herritarrek, euskal preso eta iheslarien senide eta lagunak biltzen dituen Etxerat elkartearen deiari erantzunez. Aurtengoan, Iosu Uribetxeberria preso arrasatearra askatzeko eskatu dute Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzaren aurrean, haren egoera larria dela eta. Etxean eta bizirik nahi ditugulako, Iosu etxera orain! leloa ikus zitekeen haien eskuetan. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainontzeko hamahiru presoen askatasuna ere aldarrikatu dute, Uribetxeberriarena bezalako «egoera batera irits ez daitezen». Isabel Zelaa EAEko Hezkuntza sailburuari egin diote eskaera, eta, ondoren azaldu dutenez, presoa hurbiltzearen aldeko jarrera agertu die Zelaak, baina ez askatzearen aldekoa. Elias Miner Etxerat-eko kideak adierazi du atzera bueltarik gabeko fasean aurkitzen dela presoa, eta aske eta familiarekin egon behar lukeela.
Ordurako, jakina zen Uribetxeberria Euskal Herrira hurbilduko zutela. Etxerat-ek jakinarazi duenez, Donostia Ospitalean dago presoa atzotik, proba batzuk egiten. 2005ean diagnostikatu zioten giltzurrunetako minbizia, eta 2006an legean jasota dagoen bezala baldintzapean aske uzteko eskatu zuten, gaixotasun larri eta sendaezina zuelako. Ukatu egin zioten, ordea, eskaera hori, mediku txostenek metastasia izateko arrisku handia zuela ohartarazten zuten arren. Etxerat-ek salatu du Espainiako Gobernuak aurrera daraman espetxe politikak gaixotasun larriekin dauden presoen egoera atzeraezin bihurtzea bilatzen duela: «Denbora galdu dugu urte hauetan. Espetxean edukiz, pertsona hau hilzorira eraman dute». Minerren esanetan, espetxeko baldintzetan edukitzeak gaixotasuna larriagoa izatea ekarri du. Uztailaren 20an, Leongo ospitalera (Espainia) eraman zuten Uribetxeberria, Mansillako espetxetik. Egun batzuren buruan, beste bi nodulu topatu zizkioten, biriketan eta buruan, eta metastasia zuela baieztatu zuten. Joan den ostegunean egindako azterketa batzuen emaitzen zain daude orain senideak. Defentsako abokatuak ere, aste honetarako espero duten mediku txosten baten zain daude askatasun eskaera berritzeko.
Jaurlaritzaren «utzikeria»
Espainiako Gobernuak daraman espetxe politika horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak utzikeriaz jokatu duela salatu du Elias Miner Etxerat-eko kideak: «Ezin dugu ulertu utzikeria hau, gobernuaren jarrera zilegi bihurtzeko ez bada. Horrek, era berean, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera atzeraezin bihurtzea bilatzen duen espetxe politikaren konplize egiten ditu». Uribetxeberria eta haren familia sufritzen ari diren egoeraren inguruan, isilik egotea ere egotzi dio Minerrek Lopezen gobernuari, eta galdetu dio ea isiltasun eta utzikeria horrekin presoen eta senideen sufrimendua elikatzen jarraituko duten.
Hori hala izanik ere, Uribetxeberria aska dezaten ahalegin guztiak egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuaren zein Espetxe Zuzendaritzaren aurrean jarrera hori defendatuz. Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzainak emandako meza nagusiaren ondoren aipatu du Isabel Zelaak Uribetxeberriaren kasua, eta adierazi du presoaren inguruan zegoen eskaera betea zela: «Jakina da Barne Ministerioak presoa hurbiltzea onartu duela; gaur Etxerat-ek egin didan eskaera bera, eta errespetuz entzun dudana».
Etxerat elkarteak, Zelaaren adierazpenei erantzunez, horrelako adierazpenak ezin direla «inola ere» justifikatu adierazi du, «ezta onartu ere». Arratsaldez zabaldutako prentsa oharrean, gogoratu du ez dela nahikoa gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak Euskal Herrira ekartzearekin, «Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak adierazi duen bezala». Josu Uribetxeberria eta bete hamahiru presoek «etxean eta aske» behar dutela gogorarazi dute, «euren eskubidea delako». Bide horretan, larunbatean Arrasaten egingo den manifestaziorako deia egin diete euskal eragile, alderdi eta herritar guztiei. Iosu askatu! Hamalauak herrira! lelopean, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da manifestazioa Arrasateko plazatik.
Arnaldo Otegik ere Uribetxeberriaren askatasuna exijitu du Logroñoko espetxetik eta besarkada bidali dio sendiari, Twitter bidez. Uribetxeberria lehengusu txikia duela gogoratu du Otegik.
Zeremoniak, protesta giroan
Urtero legez, Azpeitiko udaletxe aurrean egin zioten harrera atzo Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzari, kasu honetan Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuari. Haien artean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta herriko alkate Eneko Etxeberria. Iñaki Errazkin ere bertan izan zen, Azpeitiko alkate ohia etaGipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu izendatu berri dutena. Hainbat aldarrikapen ikus zitezkeen Azpeitiko plazan, ekitaldiaren unean. Besteak beste, Iosu Uribetxeberria presoa askatzeko eskatzen zuen pankarta eta Juan Karlos Arruti Paterra presoaren herriratzea eskatzen zuena, «biziarteko zigorra» salatuz. Izan ere, Parot doktrina du ezarria azpeitiarrak.
Plazaren inguruko kaleetan ziren, baita ere, hogei ertzain inguru. Zelaa etorri zenerako, plazaren erdira ere hurbildu ziren batzuk. Greba mugagabean diren Corrugados enpresako langileek ere protesta egiteko baliatu zuten ekitaldia, eta «etorkizuna argitu» zioten oihuen artean hartu zuten Isabel Zelaa, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria. Gutun bat ere eman zioten Enpresa Batzordeko kideek, beren eskakizunekin, Industria Sailera bideratzeko eskatuz.
Prozesioa Loiolako basilikara iritsi zenean, berriz, Nafarroako bi bandera ikus zitezkeen ibilbidean. Nafarroa Bizirik ekinbideko kideek jarri zituzten, eta eskuorriak ere banatu zituzten, San Inazio Loiolakoa Gaztelaren alde aritu zela gogoratuz, «gure herriaren burujabetzarentzat hain garrantzitsuak ziren garaietan».
Euskal presoak
Etxerat-ek dio preso gaixoak hurbiltzea ez dela nahikoa
Leondik Donostiako ospitalera ekarri dute Uribetxeberria; Etxerat-ek, beste behin, presoa aske uzteko eskatu du LoiolanZelaak adierazi du presoaren inguruan zegoen eskaera bete dela hurbiltzearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu