Etxerat-ek hitzordu bat eskatuko dio Frantziako Justizia ministro berriari

Etxerat-ek dio euskal presoen egoera «larritzen» ari dela Frantziako Gobernuan aldaketa izan denetik

Kati Aranburu, Muriel Lucantis, Jeanine Beyrie eta Luxi Oxandabaratz, atzo Etxerat-en prentsaurrekoa ematen. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernua sozialisten eskuetan geratu izanak ez du aldaketa positiborik eragin euskal preso politikoen egoeran: «Espetxe politika larritzen ari da». Hori dela eta, Etxerat-ek hitzordua eskatuko dio Christiane Taubira Justizia ministroari. Etxerat-ek deitoratu du horrelakorik ez dela gertatu, nahiz egoera aldatzen ahal zela «uste izan». Horren berri eman zuten atzo Baionan egin prentsaurrekoan. Prentsaren aitzinean egon ziren Muriel Lucantis, Jeanine Beirie, Luxi Oxandabaratz, Kati Aranburu eta HegoaArakama.

Gobernu aldaketaz geroz, Naia Lacroix eta Olga Gomez Chalons-en-Champagne hirira urrundu dituzte; Julen Mujika, Villefranche sur Saonera; Ander Mujika eta Xabier Aranburu, Bourg-en-Bressera; eta Oroitz Gurrutxaga, zeina Fresnesen bakartua zegoen, Moulins-Yzeurera. «Lotsagarritzat» jo zuten presoek borroka luzeak eraman beharra oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen. Adibidetzat, Lannemezanen Ibon Fernandez Iradik —bakarturik zegoen— bertako beste euskal presoekin eraman protesta aipatu zuten. Espainiako eta Frantziako gobernuak «bortizkerian» tematzea gaitzetsi zuen Beiriek.

«Benetako prozesu demokratiko baten garapena ahalbidetzeko aukera paregabe baten aitzinean gara, baina bake egoerarik ez dugu lortuko euskal preso eta iheslarien egoera konpondu gabe», adierazi zuen Lucantisek. Argi utzi zuten egoera horren arduradunak espetxe administrazioak, Parisko epaileak eta politikariak direla, horiek egoera «antolatzen» dutelako edo, «isilik egonez, dagoena larritzen uzten dutelako».

Kanpainako «hitz ederrak»

«Legebiltzarrerako bozketen kanpainan zehar hitz ederrekin ibili direnei eskatzen diegu ahal duten guztia egitea zentzu horretan aitzina joateko». Lucantisen hitzetan.Diputatu berriek Parisen zein mezu entzunaraziko duten «hurbiletik» begiratuko dutela zehaztu zuten. Hain zuzen, «kanpaina garaiko hitz ederrak» jada entzunak izan dituztela zioen Lucantisek, eta deitoratu «horiek errepresio garai beltzez segituak izan zirela». Colette Capdevielle, Sylviane Alaux eta Jean Lassalle diputatuekin hitzordua hartuko dute ondoko egunetan. Euskal preso politikoen gaia, «arazo espainola izateaz gain, frantsesa ere dela» oroitaraziko diete, gogoraraziz gaur egun Ipar Euskal Herrian berrogeita hiru preso politiko daudela. Herrira mugimenduko ordezkariak ere egonen dira hitz orduetan.

Senatariei begira interpelazio lana hasirik dute. Georges Labazéeren teknikariekin bildurik, laster lortuko dute hitzordua, Frederique Espagnacek ere baiezkoa eman die eta ondoko egunetan elkartuko dira. Haatik, Jean-Jacques Lasserrek ez die oraindik erantzun.

Paroten kasua gogoan

Baldintzapeko askatasuna errefusaturik, Ion Kepa Parotek jarri helegitea aztertu zuten herenegun. Horren berri eman zuen Etxerat-ek atzo. Uztailak 12an jakinen da epaia. Ipar Euskal Herriko presoei begiratuz, Ion Kepa Parotez gain, Jakes Esnal, Txistor Aranburu eta Unai Parot ere dira duela 23 urtez gora espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.