Etxerat-ek plazak eskubideen alde betetzeko eskatu du hilaren 19rako

Euskal presoen aurkako «salbuespen politika» amaitzeko gizartearen presioa beharrezkoa dela diote senideek

Gorostiaga eta Coto, atzo, Etxerat-en agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Frantziako eta Espainiako gobernuek salbuespeneko espetxe politika ezartzen jarraitzen dute, euskal presoen senide eta lagunek salatu dutenez. «Politika kriminala amaitzera behartzeko» deia egin dute, horretarako euskal gizartearen presio soziala «ezinbestekoa» dela ohartarazita. «Guztion artean amaitu behar dugu espetxe politika hau». Mobilizatzen jarraitzeko eskatu du, hortaz, Etxerat elkarteak, presoen 80 bat senide eta lagunekin Bilboko Areatzako plazan egindako agerraldian. Bat egin dute Herrira mugimenduak bihar zortzi egingo duen ekinaldiarekin, eta beste hainbeste egin dezatela eskatu diete herritarrei: «Maiatzaren 19an zuen herri eta auzoetako plazak betetzeko deia egiten dizuegu. Plazak bete ditzagun, espetxeak husteko».

Etxerat-en ustez, euskal gizartearen gehiengo zabalak argi erakutsi du preso eta iheslarien eskubideen alde dagoela. Espainia eta Frantziako gobernuek, ordea, «ez ikusiarena» egiten dutela iruditzen zaio; eskubideak urratzen eta «espetxe politika krudela mantentzen» jarraitzen dutela da horren erakusgarri. Jarrera aldarazteko, eskubideen aldeko indarrak batzeko deia egin du.

Senide eta lagunek azaldu dute Preso eta iheslarien egoera, malguago izan beharrean, gero eta okerragoa dela. «Salbuespeneko espetxe politika bat ezartzen jarraitzen dute, eta guk eta gure senide eta lagunek neurri horien ondorioak jasaten dugu oraindik».

Ondorio horien berri eman aurretik, azken hilabeteak ez direla «errazak» izan azaldu dute Jose Cruz Pitxu Cotok eta Biki Gorostiagak Etxerat-en izenean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrinaren ezarpena ontzat eman duela gogoratu dute; «bizi osorako espetxe zigorrak» dakartzala horrek.

Espainiako Gobernuak aurkeztutako birgizarteratze plana ere aipatu dute. Senideen ustez, neurriak «xantaia» du oinarri, eta presoen eskubideak urratzen jarraitzeko aitzakia besterik ez da.

Sakabanaketaren ondorioak ere larrutik ordaindu dituzte senideek: apirileko azken asteburuan, sei presoren bederatzi lagunek izan zuten auto-istripua.

Euskal presoek Euskal Herrian behar dutela aldarrikatu du Etxerat-ek. 197/2006 doktrina indargabetu behar dela; zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteta dituzten presoak zein gaixotasun larriak dituztenak askatu behar direla. Finean, «salbuespeneko espetxe politika berehala amaitzea» ezinbestekoa dela. Aldarri horiek entzunarazteko, 19an Goazen plazara ekinaldian parte hartzeko eskatu die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.