Etxerat-ek salatu du bere aurkako «jazarpena» areagotu egin dela

Joan den ostegunean Gasteizko egoitzan izandako «ustezko lapurreta» ez dela kasualitatea uste du

Etxerat elkartearen agerraldia, Gasteizen; Oihana Lizaso eta Jose Angel Aramendi eledunak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Etxerat euskal preso eta iheslarien elkarteak salatu dubere kontrako «jazarpena eta presioa» areagotzen ari dela azkenaldian. Horren adibide jarri du aurreko ostegunean Gasteizko egoitzan izandako «ustezko lapurreta»: atea txikitu eta bi ordenagailu eta dirua gordetzeko kutxa bat ostu zituztela jakinarazi du elkarteak. «Oso gertakari larria da, gure lan ildoen kontra jotzen duena bete-betean», salatu dute Oihana Lizaso eta Jose Angel Aramendi Etxerat-eko kideek. Haien ustez, «ez da kasualitatea Etxerat-ek berebiziko presio politikoa eta mediatikoa pairatu behar izan duen astean egoitzan sartu izana».

Gasteizko egoitzan gertatutakoa eta azken egunotako «eraso, irain, jazarpen eta kriminalizazio saioak» direla eta, kezkaturik agertu dira Etxerat-eko ordezkariak. Haien esanetan, halako gertaeren bitartez euskal preso eta iheslarien «errealitate larri eta gordina» isilarazi eta ezkutatu nahi dute: «Egungo espetxe politika Euskal Herrian eta mendebaldeko Europan dagoen bortizkeria politikorik handiena dela ikusezin bilakatu nahi dute xantaia politiko, mediatiko eta polizial honekin».

Konponbidea oztopatzea

Etxerat-eko kideek zalantzarik ez dute erasoen bitartez konponbide demokratiko bat izateko aukera zapuztu nahi dutela, bai eta euskal preso politikoen egoeraren inguruan eztabaida moztu ere. Haatik, ohartarazi dute azken «mehatxu eta erasoek» ez dutela tokirik Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berrian eta ez dutela lortuko euskal presoenganako elkartasun keinuak amaitzea.Euskal gizartea «heldua» da, eta presoen egoeraz jabetuta dago, elkarteko ordezkarien aburuz: «Badaki sakabanaketak hiltzen duela, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak badirela, eta 70 presori baino gehiagori de facto bizi osorako zigorra ezarri dietela».

Horrez gain, jakinarazi dute Etxerat-ek egoera berri baten alde lanean jarraituko duela, «sufrimendu eta eskubideen urraketak iragan beltzeko atalak» izan daitezen.

Hori horrela, azkenaldiko erasoak eteteko eskatu dute elkarteko kideek, eta dei egin diete gizarte eragile eta alderdiei Etxerat babestu dezaten. Ziur daude, gainera, babes hori jasoko dutela; batetik, uste dutelako euskal gizartearen «gehiengo zabal baten» nahia delako eta, bestetik, ezinbestekotzat jotzen dutelako pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko diren egoera sortzea.

Egoera demokratiko berri hori sortzea, gainera, «guztion ardura» dela azpimarratu dute. Bide horretan, espetxe politika eta haren ondorio «lazgarri guztiak» desagertzea funtsezkoa dela uste dute. Ohartarazi dute, ordea, azken egunetan elkartearen kontra esan eta egin dituztenek kontrako hautua egin dutela, eta eskubideen urraketa «betikotzearen» aldeko apustua egiten ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.