preso gaixoak

Etxerat-ek salatu du Lopez de Abetxukoren senideek ezin izan dutela hura ospitalean bisitatu

Taupada markagailua jarri diote. Ostiralean egin zioten ebakuntza.

Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso gaixoa eta preso gaixo guztiak aske uzteko eskatzeko manifestazioa, uztailean. JUANAN RUIZ, ARP
2014ko urriaren 1a
13:27
Entzun

Jose Ramon Lopez de Abetxuko Gasteizko presoari ebakuntza egin diote Oviedon (Espainia), taupadak "oso baxu" zituelako. Etxerat elkarteak jakinarazi du ospitaletik abisatu zietela senideei ebakuntza egin behar ziotela, baina ez zietela presoa ospitalean bertan bisitatzen utzi.

Iturri beraren arabera, espetxean ere ez ziren harekin egon, aurreikusita zeukaten aurrez aurrekoa "ezin izan zutelako egin".  Elkarteak gaineratu du Lopez de Abetxuko bazkaldu gabe atera zutela erietxetik.

Hori horrela, presoak eta haren familiak jasandako "eskubide urraketa" salatu du Etxerat-ek: "Larriki gaixo egon arren, espetxean eta sakabanatuta mantentzen dute; kalean beharko luke". Espainiako eta Frantziako gobernuek duten jarrera gaitzetsi du.

Aurreko astean Ventura Tome aske geratu ondoren, une honetan hamar dira espetxean larri gaixo dauden euskal presoak:

Jose Ramon Lopez de Abetxuko Likiniano (Gasteiz): Villabona (Asturias). 1949an jaioa. 1989an atxilotua. Bradikardia sintomatikoa. Fibrilazio aurikularra. Prostatako adenoma.

Txus Martin Hernando (Basauri): Zaballa. 1960. urtean jaioa. 2002an atxilotua. Nahasmen eskizo-afektiboa, delirio osagarriarekin. Bakartua dute.

Josetxo Arizkuren Ruiz (Iruñea): A Lama (A Coruña). 1958an jaioa. 1999an atxilotua. Kardiopatia iskemiko larria. Kateterismoa: stent bat hodi batean.

Inma Berriozabal Bernas (Zegama/Elorrio): A Lama (Pontevedra). 1951n jaioa. 2009an atxilotua. Psoriasi artropatia, diabetesa (DM-II), diabetes oina, hipertentsioa, azkazaletako psoriasia, asma bronkiala, belaunetako protesia.

Gari Arruarte Santa Cruz (Hernani): Almeria. 1980an jaioa. 2003an atxilotua. Espondilitisa.

Iñaki Etxeberria Martin (Iruñea): Topas (Salamanca). 1964an jaioa. 1996an atxilotua. Eboluzio luzeko miopia magnoa dauka. Eskuineko begiko erretina hemorragia, ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko afakia.

Aitzol Gogorza Otaegi (Errenteria): Basauri. 1975ean jaioa. 1999an atxilotua. Nahaste obsesio konpultsioa. Bakartua.

Jose Miguel Etxeandia Meabe (Larrabetzu): Topas (Salamanca). 1960an jaioa. 2003an atxilotua. Nahaste obsesibo konpultsiboa, C hepatitisa.

Ibon Fernandez Iradi (Hernani): Lannemezan (Frantziako Estatua). 1971n jaioa. 2003an atxilotua. Esklerosi anizkoitza.

Ibon Iparragirre Burgoa (Ondarroa): Navalcarnero. 1973an jaioa. 2010ean atxilotua. Hiesa C fasean, orbana burmuineko ezker lobuloan, ikusmen galera eta beste funtzio kognitibo batzuen kaltea ekartzen dituena. Bakartua dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.