«Euskal preso politikoek muturreko egoeran daude, eta sarri euren oinarrizko eskubideak urratuak izaten ari dira». Etxerat elkarteak egin du salaketa, txosten batean. Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politikak euskal presoen oinarrizko eskubideak urratzen dituela islatzen du txostenak, eta urtarrilean bildutako datuekin osatuta dago. Euskal presoen «errealitatea» hobeto ikusten laguntzeko eta «salbuespen egoeren» salaketa zuzena egiteko metodoa izatea ere nahi du Etxerat-ek.
Elkarteak salatu du euskal presoek «muturreko» egoerak pairatu behar dituztela. Besteak beste, bakartzeak. Jakinarazi duenez, Espainiako eta Frantziako espetxeetan «bakartze egoera larrian» daude hainbat preso: besteak beste, hilabete luzeak daramatzate bakartuak Espainiako kartzeletan Oier Anduezak (Aranjuezen) eta Alberto Lopez de Lacallek (Soto del Realen), eta Frantziakoetan, Itziar Morenok eta Oihana Garmendiak (Dijonen) eta Mikel Almandozek (Tarasconen).
Bakartzeekin batera, bestelako eskubide urraketak ere pairatzen dituzte euskal presoek, Etxerat-ek salatu duenez: bisitetako lagun eta senideen zerrendekin arazoak dituzte, gutunak bidali eta jasotzeko trabak jartzen dizkiete, senide eta lagunak miatzen saiatzen dira, ziegetan berogailurik ez dute askok eta hotza pasatzen dute, janariaren kalitateak «okerrera» egin du hainbat kartzelatan, eta «etengabeko zigorrak» sufritzen dituzte.
Gainera, euskal preso eta iheslarien senideen elkarteak ohartarazi du presoen osasun egoera «okerrera» egiten ari dela espetxe politikaren ondorioz. Gogoratu duenez, Francisco Murga eta Pablo Gorostiaga presoek 70 urte beteak dituzte, eta kalean egon beharko lukete. Gaixotasun larriak dituzten presoen egoerarekin ere kezka agertu du Etxerat-ek. Izan ere, hilabete honetan Txus Martinen osasun egoera larriak okerrera egin du, eta Iñaki Errok kardiopatia iskemiko bat izan du.
Oinarrizko eskubide horien urraketak salatzeko, mobilizazio astea egin dute euskal presoek hil honetan. Etxerat-ek emandako datuen arabera, urtarrilaren 9tik 13ra bitartean euskal presoek borrokaldia egin zuten hainbat kartzelatan itxialdiak, baraualdiak, eta informazio banaketa eginez.
Horrez gain, Etxerat-ek jakinarazi du Miriam Campos, Imanol Salinas eta Pauli Garcia aske geratu direla hil honetan. Aldiz, sei lagun espetxeratu dituzte: Frantziako kartzeletan daude Ruben Ribero (La Sante), Jon Etxeberria (Fresnes), Iñigo Sancho (Fleury), eta Ernesto Prat (Seysses), Espainian Unai Hernandez (Topas) eta Euskal Herrian Ekaitz Samaniego (Zaballa).
Etxerat: «Euskal presoak muturreko egoeran daude»
Euskal presoen errealitatea «hobeto ezagutarazteko» txosten bat landu du Etxerat elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu