Etxerat-i «elkartasuna» adierazi diote hainbat alderdi eta sindikatuk

Azken aste eta egunetan jasan dituen «presio, irain, akusazio faltsu eta erasoak amaitzeko» eskatu dute

Begoña Vesga, Iñaki Lazarobaster eta Miren Legorburu prentsaurrekoan, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, Aralarrek, Abertzaleen Batasunak, LABek, ELAk, EHNEk eta EILASek «babesa eta elkartasuna» adierazi diote Etxerat elkarteari; izan ere, Etxerat-ek azken aste eta egunetan «presioak, irainak, akusazio faltsuak eta erasoak» jasan dituela salatu dute eragile horiek, eta horiek «amaitzeko» eskatu dute.

Elkartasuna adierazteaz gain, «erabateko gaitzespena» agertu dute Etxerat-ek Gasteizko egoitzan jasandako lapurretarekiko. «Horrelako gertakari larri eta praktika zaharrek ez dute lekurik egun Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berri honetan», azaldu du EHNEko Iñaki Lazarobasterrek, babesa adierazi duten alderdi eta sindikatuen izenean.

Era berean, ELA sindikatuak ohar batean adierazi du «etsaitasun giroa» sortu dutela «hainbat erakunde eta pertsona ospetsuk». Hori horrela, Etxerat osatzen duten «pertsona guztiek» beren «eskubide zibil eta politikoak» dituztela esan du Lazarobasterrek, eta, beraz, ez dutela onartzen Etxerat-en eta hura osatzen duten pertsonen aurkako inolako «irain, jazarpen eta mehatxurik».

Hala, adierazi dute Etxerat-ek eta Etxerat osatzen duten pertsonek «eskubide osoa» dutela beren senide eta lagunen «egoera» salatzeko, baita Euskal Herriko «jardun sozial eta politikoan normal-normal» parte hartzeko ere. ELA sindikatuak azaldu du senide eta lagunek «erabateko eskubidea» dutela «kolektiboki» antolatzeko eta bere «jarduna askatasunez» garatzeko.

Horren harira, Lazarobasterrek adierazi du Euskal Herrian «aro berri bat» zabaltzen ari dela eta, horretarako, «ezinbestekoa» dela pertsona eta elkarte «guztien eskubideak» errespetatzea. Hori dela eta, Lazarobasterrek esan du elkartasuna adierazi duten alderdi eta sindikatuek «borondatea erakusteaz gain azken hilabeteetan hitzak urrats eraginkorrekin lagundu» dituztela, «baita Etxerat-ek ere».

Eragileen iritziz, «Euskal Herrian bake, justizia eta benetako demokrazia jokaleku bat finkatu eta betikotzeko, ezinbestekoa da euskal preso eta iheslarien eskubideen errespetua eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatzea». Gainera, Lazarobasterrek adierazi du euskal gizartearen «gehiengo zabal eta askotariko» batek argi utzi duela euskal presoen eskubideak «errespetatu» behar direla.

Ildo horretan, ELAk ere salaketa bera egin du, eta adierazi du gizartearen «eremu zabal eta askotarikoa oinarrizko» eskubideak aldarrikatzen ari dela; tartean, «euskal presoen eskubideen gaia».

Alderdi eta sindikatu babesleek, era berean, sakabanaketa politika eta haren ondorio «larriak» salatu dituzte, eta «gaixotasun larri eta sendaezinak» dituzten euskal presoak askatzeko exijitu dute.

«Bizi osorako zigorra de facto» aplikatzea ahalbidetzen duen 197/2006 doktrina —Parot doktrina izenez ezagunagoa— bertan behera uzteko eskatu dute, eta, horrez gain, gaineratu dute ez dela delitua «isolamendu, bakartze, jipoi eta espetxe politikak eragiten dituen beste hainbat eskubideren urraketak amaitzeko» eskatzea. «Guztiz kontrakoa» dela esan dute, hori Euskal Herrian «finkatu beharreko jokaleku demokratiko» baten aldeko «urratsak» egitea delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.