Eguerdi partean gertatu da. Gizon bat bere etxean zarratu da. Ezaguna da herrian, tiro probetan ibilitakoa baita. Olinpiar Joko batzuetan ere parte hartu zuen, 1976an, eta bazekiten gizonak armak zituela etxean.
Ertzaintzak, gertakarien berri jakin orduko, itxi egin ditu inguruko hiru kale: Balearen kalea, Eusko Gudarien kalea eta Arrantzale kalea. Poliziaren negoziatzaile bat ere joan da hara, eta gizonarekin hizketan aritu da telefonoz.
Etxean bakarrik zegoela eta eskuetan armarik ez zeukala egiaztatu dutenean, ertzain talde bat etxera sartu da, eta atxiki egin dute gizona. Anbulantzia batean eraman dute. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, zerbitzu psikiatrikoetara eraman dute.