Etxez etxeko arreta, «murriztua»

Arabako landa eremuan ez zaie etxez etxeko laguntza zerbitzurik eskainiko mendekotasun arriskuan egonik maila aitortua ez dutenei. EH Bilduk salatu du prebentzioan «atzerapausoa» dela. Aldundiak ukatu egin du murrizketarik egin duenik.

Adineko pertsona bat, artxiboko irudian. GORKA RUBIO/ FOKU
Adineko pertsona bat, artxiboko irudian. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko apirilaren 12a
15:15
Entzun

«Adineko pertsonen autonomian atzerapausoa da». Kezkaz mintzo da Txelo Auzmendi Asparrenako alkatea (Araba) Arabako Foru Aldundiak etxez etxeko laguntza zerbitzuan egin dituen «murrizketen» inguruan. Izan ere, iazko azarotik, aldundiak ez ditu tramitatzen mendekotasun arriskuan dauden baina mailarik aitortua ez duten pertsonek etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzeko egindako eskari gehienak.

EH Bilduk jakinarazi duenez, aldundiak jarraibide bat igorri die Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei etxez etxeko zerbitzua soilik «salbuespen egoeratan» eman dezaten, adibidez aldi baterako ezinduak dauden pertsonen kasuetan. Eta hala, legez mendekotasun mailarik aitortuta ez duten baina beren kabuz bizitzeko zailtasunen bat duten Arabako landa eremuko eskatzaile berri gehienek ez dute bermatua izango etxez etxeko arreta hori. Orain arte, astean hiru orduko arreta jasotzen zuten pertsona horiek. Orain, bat ere ez.

Udalek kudeatzen dute etxez etxeko laguntza, baina Arabako landa eremuaren kasuan, diputazioarena da gestioa. Gaur egun, Gasteizko Udalak zerbitzu hori eskaintzen jarraitzen die premia duten eskatzaile guztiei, mendekotasun gradua izan ala ez. Arabako herrietan, berriz, bestelakoa da egoera. Landa eremuko 900 herritar inguruk jasotzen dute etxez etxeko laguntza urtero, baina azaroaz geroztik, 150 pertsonaren eskariak tramitatzeari uko egin dio aldundiak, mendekotasun gradua aitortua ez dutela argudiatuta.

Azalpen eske

Aldundiaren erabakiaren jatorria Espainiako Gobernuak onartutako dekretu bat da. Joan den uztailean, Madrilek hainbat neurri hartu zituen mendekotasuna aitortua duten pertsonen arta hobetzeko: besteak beste, etxez etxeko laguntza zerbitzuen ordu kopurua handitu egin zien mendekotasun maila arina, larria eta oso larria aitortua dutenei. Arau horren ondotik erabaki zuen aldundiak mendekotasun mailarik aitortua ez duten pertsonei soilik «salbuespen» egoeretan ematea laguntza hori, eta balorazioa egiterakoan irizpide berriak erabiltzeko agindu zien ongizate zerbitzuko langileei.

Jarraibide berriaz azalpenak eskatu dizkio gaur EH Bilduk Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuari, batzar nagusietako osoko bilkuran. Claudia Venceslao batzarkideak etxez etxeko laguntzan «murrizketak» egitea eta landa eremuko biztanleak «diskriminatzea» aurpegiratu dio Urtarani, eta erabakiaren «larritasunaz» ohartarazi: «Mendekotasunaren prebentzioan atzerapausoa da eta lurralde desoreka handituko du».

«Erabaki larria da, eta mendekotasunaren prebentzioan atzerapausoa. Lurralde desoreka handituko du».

CLAUDIA VENCESLAOEH Bilduko batzarkidea

EH Bilduri «demagogiaz» aritzea leporatu dio Urtaranek. Ukatu egin du etxez etxeko arretan murrizketarik egin denik, eta are, maila arina, larria eta oso larria dutenei arta hobetu egin zaiela gogoratu du. Ziurtatu duenez, mendekotasunik ez dutenek ere arreta bermatua izango dute aurrerantzean, «baldin eta salbuespen egoera bereziren batean baldin badaude». Baina gainerako kasuetan, zerbitzu hori beren poltsikotik ordaintzera animatu ditu udalak: «EH Bildu hainbeste kezkatzen bada pertsona batzuk zerbitzurik gabe geratuko direlako,  bere alkateek jar dezatela aurreztua duten dirua horretarako».

Herrietan, kezka

Arabako herrietan asko dira etxean laguntza jasotzeko premia dutenak. Adinekoak dira ia gehienak, eta asko eta asko mendekotasun arriskuan daude. Astean hiru orduz etxera doazen zaintzaileek etxea garbitzen diete, baina horrez gain, «prebentzio lan handia» ere egiten dute, arrisku faktoreak atzeman eta hurbileko jarraipena egiten baitiete. Hori dela eta, diputazioaren erabakia «ulertezina» da Gustavo Fernandez Villate Lautadako Kuadrillako presidentearentzat: «Pertsona horien bizi kalitatea hobetu eta autonomia sustatzen du. Laguntza txiki hori emanez zahar etxeetara joateko prozesua atzeratu egiten da eta bizi kalitatea luzatzen zaie».

«EH Bildu hainbeste kezkatzen bada pertsona batzuk zerbitzurik gabe geratuko direlako, bere alkateek jar dezatela aurreztua duten dirua horretarako».

GORKA URTARAN Arabako Gizarte Politiketako diputatua

Laguntza zerbitzurik gabe geratu diren herritarren ezinegona jaso du Asparrenako alkateak, eta uste du adineko pertsonen ongizatean kaltea baino ez duela ekarriko. Haren esanetan, «despopulazioari» aurre egiteko Arabako herrietan bizi direnei mota guztietako zerbitzuak eta azpiegiturak eman behar zaizkie, eta gizarte zerbitzuek funtsezko garrantzia dute, batez ere mendekotasun egoeren prebentzioan. «Mendekotasun arriskuan daudenentzat ingurunean errotuta mantentzeko era ematen die etxez etxeko zerbitzuak, egoitza batera joan beharrik gabe».

«Mendekotasun arriskuan daudenentzat ingurunean errotuta mantentzeko era ematen die etxez etxeko zerbitzuak, egoitza batera joan beharrik gabe».

TXELO AUZMENDIAsparrenako alkatea

Udalek gisa horretako zerbitzuak bere gain hartzeko baliabide nahikorik ez dutela kexu da Auzmendi, halaber. «Ez zaigu finantzaketa nahikorik iristen zerbitzu hori kudeatzeko. Diputazioak bere gain hartu behar du». Zaintza lanen kasuan, gainera, inbertitzea beste aukerarik ez dela erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.