Etzi aurrekontuak atzera botaz gero ere, UPNk ez ditu hauteskundeak aurreratuko

Oposizioak osoko bost zuzenketa aurkeztu ditu, eta Barcinak PSNri ohartarazi dio Nafarroari kalte egingo diola

joxerra senar
Iruñea
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
PSN Nafarroako Gobernutik kanporatuz geroztik, orain arteko porrot politiko handiena jasoko du etzi parlamentuan UPNk. Larunbatean PSNko Lurralde Batzordeak aho batez Nafarroako Gobernuaren 2013ko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztearen alde bozkatu ostean, agindu hori bete egin zuen. Hala, PSNk, Bilduk, Nafarroa Baik, Ezkerrak eta Geroa Baik osoko zuzenketa bana aurkeztu dute, eta gehiengo osoa osatzen dutenez, etzi osoko bilkuran gobernuaren aurrekontu proiektua atzera botako dute, ustekabe handirik ezean. Kolpe hori jasotzear izan arren, UPNk aurreratu du ez duela hauteskundeak aurreratzeko asmorik.

Arrazoi erabakigarri batek eragozten du UPNk pauso hori ematea: PPren parlamentariak zenbatuta, ez luke gehiengo nahikorik, eta orain baino egoera kaskarragoan legoke. Horiek horrela, haren egoera egongaitza saihesteko asmoz, UPNren taktika da PSNri ahalik eta presiorik handiena egitea. Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak eta Carlos Garcia Adanero parlamentuko eledunak horretan jardun dute.

Barcinaren ikuspuntutik, Aralar Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan EH Bildurekin aurkeztu eta gero eta Manu Aierdi zein Patxi Leuza parlamentariak Nafarroa Bai 2011 taldetik atera eta gero, Parlamentuko bigarren indarra Bildu da: «Bi eledun izan arren, orain hamahiru parlamentari ditu». Hala, Barcinak «zail» ikusten du PSNk gidaritza izatea,baldin eta oposizioko alderdien gidaritzarik ez badu.

Ildo beretik jo du Carlos Garcia Adanero eledunak, eta aspaldiko mezua gogorarazi dio PSNri: «Bilduren helburu politikoa da Nafarroak foru erkidego bereizi izateari uztea, eta, horregatik, defentsarik onena da UPNk gobernuan segitzea». «Denok elkar ezagutzen dugu, eta ezin diogu inori iruzurrik egin», aipatu du, eta gaineratu du: «UPNk nahi du Nafarroa erkidego bereizi izatea Nafarroaren barruan; beste batzuk erabat alderantzizko zerbait nahi dute, eta batzuek gauza bat uste zuten, eta orain ez dakigu horretan sinesten duten», gaineratu du, PSNri erreferentzia eginez.

Nahiz eta kolpe politikoa jasotzear den, UPNk lasaitasuna erakutsi nahi du. Barcinak argi utzi du nahiago duela 2013ko aurrekontuak onartu, baina ez dio amesgaiztorik eragiten aurtengo aurrekontuak luzatu eta horiek kudeatzea. Izan ere, 2012ko aurrekontuetan, gehienez 3.700 milioi euroren gastua izan dezake gobernuak, eta diru sarrerak apalagoak izango direnez, marjina ematen dio gobernuari nahi bezala kudeatzeko: «Erraz kudeatu daitezke, eta, beharbada, beste batzuetan baino hobeto, beheranzko aurrekontuak izango direlako», baieztatu du.

PSN: «Garai politiko berria»

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak larunbatean egindako diskurtsoaren ildo beretik jo du Juan Jose Lizarbe PSNko eledunak. «PSNk garai politiko berri bat onartu du. Bazterketarik gabe hitz egingo du alderdi guztiekin, eta UPNk lehentasunezko bazkide izateari utzi dio». Lizarbek gaineratu du ziklo berri batek «gobernu berria» ekarriko duela, baina ez du gaineratu hori noiz izango den: «Dagokion unean. Nahiago dugu gobernu aldaketa herritarrek iritzia ematean izatea eta interes alderdikoiek lehentasunik ez izatea».

Patxi Zabaleta NaBaiko eledunaren irudiko, «itzulerarik gabeko egoera» da honako hau. «Nafarroak ez ditu behar aurrekontuak, eta horiek atzera bota zain gaude». Hori gertatzen denean, «erabaki azkar eta irmoak» hartu behar dira, baina egungo gobernua ez da gai hori egiteko. Dena den, mahai gainean zentsura mozioaren aukera dagoela ukatu du.

Bilduko Maiorga Ramirezen aburuz, berriz, gobernua «bakarrik» dago, eta ez da da gai aurrekontuak onartzeko. «UPNren gobernuaren ziklo amaieran gaude». Haren ustez, hauteskundeak aurreratu behar dira, eta gaineratu du ez duela ezein aukera baztertzen hori lortzeko.

Ezkerreko Jose Miguel Nuinen irudiko, aurrekontuak atzera botatzen badira, UPNren gobernuak «beste porrot handi» bat jasango du. Haren ustez, gobernuari bi bide baino ez zaizkio geratzen: konfiantza mozioa aurkeztea edo bozetara deitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.