Ezker abertzaleak bat egin du Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei lelopean larunbatean Bilbon egingo den manifestazioarekin. Protestaren garrantziaz ohartarazi, eta bertara joateko eskatu die herritar guztiei. Izan ere, herri mobilizazioa «ezetzaren blokean daudenak mugiarazteko» baliabidea dela sinetsita dago ezker abertzalea; alderdi politikoei zein gizarte eragileei konponbiderako aukera balia dezaten presio egiteko modua dela; «jokaleku demokratikoa» lortzeko ardura eskatzen duen herriaren «bozgorailua».
Espainiako Gobernua «konfrontazio biolentoa luzatzen» saiatzen ari dela adierazi dute Agurne Barrusok eta Niko Morenok. Aitor Bezares, Tasio Erkizia, Amparo Lasheras eta Jose Ramon Etxebarriarekin batera egin dute agerraldia. Konfrontazio biolento horretan kokatu dituzte azken operazioak, eta egoera irauli beharra dagoela esan dute.
Lan horretan ari direla azaldu dute, eta «bakerako eta konponbide demokratikorako agertokiari bidea ixteko estatua konfrontazio biolentoa luzatzeko egiten ari den saio guztien gainetik» eskubide guztien alde sortzen ari diren ekimenak txalotu dituzte: Adierazi EHren inguruan hainbat eragilek egindako lanak zein Gernikako akordioak «herri hau martxan dagoela» erakusten dutela diote.
Edozein moduz, gatazka politikoa betiko konpontzera eramango duen prozesuaren «motorra eta bermea» euskal gizarteakizan behar duela nabarmendu dute. Horregatik egin dute manifestaziora joateko deia, horrela, alderdi politiko, sindikal eta sozialak konponbiderako elkarrizketa politikoa ahalbidetuko duen gutxieneko demokratikoen jokalekua eraikitzeko inplikatzera bultzatuko dituztela uste baitute.
«Herri aktibazioa eta mobilizazioa eta indar metaketa hil ala bizikoak dira egun ezetzaren blokean daudenak mugiarazteko», gaineratu du ezker abertzaleak. Horiek mugitu behar direla ohartarazi du, eta horregatik egin du etziko manifestazioan parte hartzeko deia: «Bilboko kaleak zabaldutako aukera aprobetxa dadin exijitzen duen aldarriaren bozgorailu izan behar du».
Aralarrek ere bai
Irailaren 11ko deialdien debekuen ostean, «erantzun baketsu, indartsu eta tinkoa emateko premia» dagoela eta, etziko manifestaziora joateko deia egin du Aralarrek ere. «Larunbatekoa giza eskubide guztien plaza» izatea nahi duela dio.
Bakeak, «ezinbestean», demokrazia gehiago eskatzen duela ohartarazi du, «ez dagoelako pertsona ilegalik» eta «alderdiak zein gizarte mugimenduak legez kanporatzeko estrategiak» demokrazian onartezinak direlako.
Etzi Bilbora joateko eskatu du ezker abertzaleak
Larunbatekoa «giza eskubide guztien plaza» izatea nahi du Aralarrek, eta Bilborako deia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu