Nafarrak garelako, Erriberan euskaraz lelopean etzi (12:00) Tuteran izango den manifestazioan parte hartzeko dei egin du Kontseiluak, beharrezkoa iruditzen zaiolako Nafarroako Euskararen Legea aldatzea. Igandean Mendigorrian euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko festa antolatu dute, eta han ere izateko eskatu du euskararen bilguneak.
"Bi ekimen horiek Nafarroako legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean kokatuta dauden herrietan ospatuko dira. Eta bietan ere arazoaren sortzailea edota jatorria berbera da: Nafarroako euskaldunen hizkuntza eskubideak banatzen dituen legea", esan du Kontseiluak gaur.
Azken batean, ordea, aldatu behar dena Euskal Herriko hizkuntza politika dela iritzi dio. "Urteetako zapalkuntzari bukaera emango dion hiru zutabedun normalizazio prozesu eragingarri bat eraiki behar da: hizkuntza politika egokia behar dugu, gizarte espazioak euskaldundu behar dira eta ezagutzaren unibertsalizaziora jo behar da".
Hori lortzeko ezinbestekoa iruditzen zaio eragileek eta herritarrek ekarpena egitea.