Eudelen ateak «irekita» izango dituela ziurtatu du Imanol Landak

Espero bezala, Getxoko alkatea (EAJ) izendatu dute Eudeleko presidente berri.EAJk, PSE-EEk, PPk eta independenteek sustatu dute hautagaitza.Akordioak lortzearen alde agertu da EH Bildu

Imanol Landa, aginte makila eskuan, atzo Durangon egindako batzarrean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Durango
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ez da ezustekorik egon Eudel Euskal Udalen Elkarteak Durangon (Bizkaia) egin duen ezohiko Batzar Nagusian. Joan den maiatzeko hauteskundeen ostean, eta udal berriak osatu eta gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak biltzen dituen erakundeak ere berriztatu behar zituen bere egiturak, eta, espero bezala, EAJren eta PSE-EEren arteko sintoniak asko erraztu ditu gauzak. Batzorde Eragilea osatzeko zerrenda bakarra aurkeztu dute, Imanol Landa Getxoko alkatea (Bizkaia) buru zuena, eta horrek erabateko gehiengoa eskuratu du.

Batzorde Eragilerako zerrenda osatzerakoan, EAJk eta PSE-EEk lortu dute PP eta hautagaitza independenteak adostasunera biltzea, eta lau indar horiek sustatu dute zerrenda. Hortaz, arazorik gabe lortu dute batzarraren babesa: emandako 660 botoetatik 657 eskuratu ditu Landa buru zuen zerrendak, eta gainerako hiru botoak zuriak izan dira.

Batzorde Eragile berriak Irungo (Gipuzkoa) alkate Jose Antonio Santano (PSE-EE) izango du lehenengo presidenteorde, eta Josune Irabien Amurrioko EAJko alkatea (Araba) bigarren presidenteorde. Hamabi bokaletatik gehien-gehienak EAJko alkateak dira, baina PSE-EE, PP eta hautagaitza independenteetako alkateak ere badaude.

Batzorde Eragileaz gain, herrialdeetako Lurralde Batzordeak ere hautatu dituzte Durangoko batzarrean, eta hor ere EAJ eta PSE-EEren arteko itunak arazorik gabe funtzionatu du. Arabako Batzorderako bi zerrenda aurkeztu dira, bat EAJk, PSE-EEk eta PPk sustatua eta bestea hautagaitza independenteek babestua. Emandako 76 botoetatik, lehenengoak 67 boto lortu ditu, eta independenteenak, berriz, bederatzi baino ez. Bizkaian, EAJk, PSE-EEk eta zenbait independentek bultzatu dute aurkeztutako zerrenda bakarra, eta emandako 371 botoetatik 369 lortu ditu—beste biak zuriak izan dira—. Gipuzkoan are argiagoa izan da emaitza: hautagaitza bakarra aurkeztu da, EAJk eta PSE-EEk sustatua, eta emandako 217 botoetatik denak eskuratu ditu.

Proiektu «partekatua»

Aginte makila jaso osteko hitzaldian, bere agintaldiaren ardatz izango direnak aletu ditu Landak: «sareko lana» eta «instituzioen arteko lankidetza» sustatzea, herritarrekin batera eta «gardentasunez» aritzea, eta «etika eta osotasun instituzionala» iparrorratz gisa erabiltzea.

Hori guztia, «proiektu partekatu» baten barruan, «ekintza politikorik onena partekatzen dena» baita Landaren aburuz. «Hori da bide bakarra», erantsi du, «ekarpen bakoitzaren onena gurutzatzea, batzea eta txertatzea, hitzarmen onena eta osoena bilatuz». Ildo horretan, Landak adierazi du «ateak zabalik» izango dituztela Eudelen proiektuarekin bat egin nahi duten guztientzat.

Eusko Legebiltzarrean laster eztabaidatuko den Udal Legea ere izan du hizpide, eta esan du «aukera historikoa» dela «herritarren beharrei hobeto erantzungo dien tokiko gobernu sistema» eratzeko.

Errefuxiatuen gaia ere jorratu du Landak, eta adierazi du hondamendi horri erantzun egokia ez emateak «erakundeen sinesgarritasun eta zilegitasuna» higa dezakeela. Soluzioa bilatzeko udal erakundeek egin dezaketen ekarpena nabarmendu du: «Berriro frogatu da arazo orokorrek tokiko erantzunak behar dituztela», esan du. Horregatik, dei egin die, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkateei arazoari neurriko erantzuna emateko, «baina zorroztasunez, denborak errespetatuz, eta modu jasangarri eta ordenatuan».

Emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin, indarkeria sexistaren kontrako borrokarekin eta euskararen normalizazioarekin ere «konpromisoa» nabarmendu nahi izan du Landak bere lehenengo agerraldian.

EH Bildu, akordiorako prest

EH Bilduko hautetsiek ez dute Durangoko batzarreko bozketan parte hartu, aspaldikoak baitira koalizioak Eudelekin dituen desadostasunak, baina ordezkaritza bat han egon da, eta batzarra amaitutakoan, Laudioko alkate Natxo Urkixok adierazi du prest daudela EAJrekin Eudelen inguruan dituzten desadostasunak konpontzeko, «benetan udalerrien defentsan arituko den Udal Elkarte garden, parte hartzaile eta horizontal bat lortze aldera».

Urkixok azaldu duenez, azken hilabeteotan harremanak izan dituzte EAJrekin, eta horietan bi aldeek ikusi dute Eudel egokitzeko beharra. «Saialdi zintzoa izan da bi aldeetatik eta hainbat izan dira harreman honetan lortu diren aurrerapausoak», esan du.

Bide horretatik jarraitzeko eta «akordioetarako eta aro berri bat irekitzeko» borondatea eta prestasuna agertu du EH Bilduk. Hala ere, ez dute ukatu oraindik badaudela «askatu beharreko korapiloak» adostasuna erdiesteko. Eudelen izaera, barne funtzionamendua, herri txikien ordezkaritza, txosten teknikoak egiteko irizpideak eta erabakiak hartzerakoan adostasuna bilatzeko neurriak aipatu ditu Urkixok askatu beharreko korapilo horien artean.

Edozein modutan, horiek gainditzeko «ahalegin sendo eta zintzoa» egiteko prest agertu da EH Bildu, bai eta, akordiorik lortzekotan, horiek Eudelen estatutuetara eramateko ere, Urkixok esan duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.