Ekaitzak eta euri jasa handiak izan dira bart Euskal Herriko zenbait lekutan: Tolosaldea eta Goierri eskualdeetan (Gipuzkoan), eta Pirinioetan (Nafarroan) gertatu dira. Zuhaitzak erori dira, luiziak izan dira, txingorra bota du eta zenbait ibaik gainezka egin dute toki horietan. Horren ondorioz, arazo franko izan dira errepideetan eta trenbidean, baita etxeetan eta lokaletan ere.
Alerta laranja ezarrita zegoen atzo 22:00etan, eta iragarpenak aise gainditu ditu denboraleak. Ibaiek gainezka egin dute, eta kaleak, lokalak, garajeak, baserriak eta errepideak hartu ditu urak. Denboralea indarrez sartu zen atzo gauean eta gaurko goizaldera arte iraun du.
Toki jakin batzuetan izan du eragina: Gipuzkoan, esaterako, Tolosaldean eta Goierrin jasan dituzte ondorio larrienak. Ordu gutxitan 140 gorabehera artatu dituzte suhiltzaileek.
Ur putzuak, zuhaitz eroriak, luiziak... Horrelakoak izan dira suhiltzaileek artatu dituzten larrialdi gehienak. Urez betetako etxeak eta lokalak garbitzen eta errepideen garbiketan aritu dira orain dela gutxi arte.
Gogor egin du euria: Alegian, esate baterako, 108 litro egin ditu metro koadroko. Lazkaon, hiru metro igo da ibaiaren maila, eta uholdeak sortu dira. Zaldibian ere arazo handiak izan dituzte. Suhiltzaileak ez ezik, herri batzuetan bizilagunak ere auzolanean aritu dira euriteen kalteak samurtzeko.
Oriako arroaren inguruan dauden herrietan ez ezik, Añarben ere 79 litro jaso dira metro koadroko; Araxesen, 71; Belauntzan, 69, eta Ereñotzun, 68.

Zenbait errepide, itxita
Errepideetan ere sortu dira gorabeherak. N-Ieko errei bat itxi behar izan dute Ikaztegieta parean, traba egiten zuten zuhaitzak eta luiziak direla eta. Garbiketa lanak egiten ari ziren oraindik ere gaur eguerdian, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du bestela ere errepide horietako zirkulazioa ohikoa dela.
Bigarren mailako errepide batzuetan ere izan dira arazoak. Adibidez, Oiartzundik Artikutzara doan bidean. Horrekin batera, Alegia eta Amezketa lotzen dituen GI-2133 errepidean, zenbait ibilgailu ez atzera ez aurrera geratu dira, ur putzuengatik, eta Ertzaintzak eta suhiltzaileek erretiratu behar izan dituzte. Errei bat irekita dago, eta bigarrena garbitzen ari dira oraindik ere.
Bestalde, garbiketa egiten ari dira GI-2130 errepidean ere (Ibarra, Berrobi eta Berastegi artekoa). Trafikoari dagokionez, barruko joan-etorriak lehenetsi dituzte agintariek, eta Iruñearen eta Donostiaren arteko mugimenduak Etzegaratetik egitea eskatu du aldundiak.
Garraio publikoari dagokionez, tren zerbitzuan izan dira zenbait gorabehera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, euri zaparradek eta zuhaitzek arazoak sortu dituzte Irun eta Zumarraga arteko ibilbidean, gauerdian. Horren eraginez, Renfeko tren bat aurrera egin ezinik geratu da 02:00 aldera, eta bidaiariak atera ahal izateko Tolosara itzularazi dute.
Datozen orduetan, euria berriro
Azken orduotan egoera bere onera etorri bada ere, ekaitzaren osteko bareak ez du asko iraungo. Izan ere, Euskalmetek iragarri du gaur, 18:00etatik 20:00etara, berriro egingo duela euria.
Nafarroan, Pirinio inguruan, txingorra izan da buruhauste iturri. Lau zentimetroko txingorra bota du bart Lantzen eta Zaraitzun. Otsagabian, Irati Xtrem lasterketarako prestatuak zituzten karpak zulatu ditu. Horretaz gain, euri jasen ondorioz, Nafarroako ibaien ur emaria handia da orain. Izan ere, Nafarroan ere abisu horia ezarrita dago, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohararazi duenez, gaur arratsaldean eta bihar goizaldean gerta daitezkeen bat bateko zaparradek sakanetan eta erreketan ur maila igo dezakete.