Euri jasekin lotuta, 164 gorabehera jaso dituzte SOS Deiek

Bizkaian gertatu dira intzidentzia gehienak, Uribe Butroen. Ibai batzuek gainezka egin dute, baina ez dute arazo larririk eragin.

Euriagatik abisu horia ezarri zuten atzo Bizkaian. LUIS TEJIDO / EFE
Euriagatik abisu horia ezarri zuten atzo Bizkaian. LUIS TEJIDO / EFE
Maite Asensio Lozano.
2026ko martxoaren 7a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, SOS Deiak larrialdi zerbitzuek gutxienez 164 gorabehera jaso dituzte azken orduetan, atzo arratsaldean eta gau osoan izandako euri jasen ondorioz. Gehienak Bizkaian izan dira, baina arazo arinak eragin dituzte: garajeetan edo behealdeetan ura sartu delako, errepideetan ur putzuak sortu direlako eta luizi txikiak izan direlako esku hartu behar izan dute larrialdi zerbitzuek.

Era berean, erakundeek adi zaindu dute hainbat ibairen emaria gauean, bereziki Uribe Butroe eskualdean. Mungiako Udalak larrialdi plana aktibatu zuen bart, Butroe ibaiaren bilakaera aztertzeko. Ibaiaren inguruan autorik ez uzteko gomendatu du, eta Lauaxeta zubia ere itxi du. Metro koadroko 41 litro bota ditu herri horretan.

Getxon, Gobela ibaiak ere gainezka egin du hainbat lekutan. Larrañazubi auzoan izan dira gorabehera gehien, besteak beste, etxe atari eta behealde batzuetara sartu baita ura, baina ez du egiturazko arazorik eragin. Bakion Estepona ibaiaren emaria ere zaindu dute.

Euriteengatik abisu horia ezarrita zegoen atzodanik Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, baina goizaldeko 05:00etatik aurrera prezipitazioak gutxitu egin dira, eta egoera baretuz joan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA