Euriak isildu ez duen mezua

Espainiako Konstituzioari uko egin eta independentzia aldarrikatu du Independentistak sareak Durangon.Kultura eragileek ere parte hartu dute egun osorako prestatutako egitarauan

Ehunka lagun elkartu ziren Durangoko erdiguneko kaleetan zehar atzo eginiko martxa berdean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Durango
2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Publizitateak asko daki». Esaldi borobila bota zuen Ander Iturriotz soziologoak atzo Durangon (Bizkaia). Asko dakiela esan zuen, marketina independentzia eta sinbologiarekin uztartu delako maiz. Helburu bakar batekin: gero eta gehiago saltzea. Ikea aipatu zuen lehenbizi: «Nire etxeko errepublika independentea aldarrikatu zuenean bazekiten nola saldu». Independentzia indibidualista izan arren, haren esanetan. Gogora ekarri zuen Peugeot konpainia ere, «Frantziaren ikur dena». Berriki, eskualde ugaritako banderak erabili dituzte «auto gehiago saltzeko» marketin ikuspegi batetik. Ikurrina tartean. «Frantziako Iraultzaz geroztik ez dute batasunik lortu, eta hori ondo dakite autoak saldu nahi dituztenek ere». Horregatik, independentzia salmentarako tresna gisa erabili izana salatu zuen. Horregatik, marketinetik gutxi zuen haren jarrerak. Euskal Herriaren merkantilizazioa alboratu baitzuen.

Testuinguru jakin batean egin zituen adierazpen horiek Iturriotzek. Jaieguna zen atzo Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioa onartu zeneko 36. urteurrena baitzen. Baina ospatzekorik gutxi zuen hark, eta baita beste milaka pertsonak ere. «Espainiako Konstituzioa ospatzera behartu nahi gaituzte gaur [atzo], baina guk ez dugu ospatzen, horrek gure izaera eta eskubideak urratzen dituelako». Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramailearen adierazpenek argi erakusten zuten euren jarrera. Horregatik, Euskal Herriaren eta munduko herrien askatasunaren aldeko ekitaldiak egin zituzten egun osoan. Eta, horregatik, ospakizun ekitaldien ordez, manifestazioa egin zuten Durangoko kaleetan zehar. Urtero legez. Marketinik gabe, baina sinbologia ugari erabiliz. Hori guztia, aldarrikapen argi bat egiteko: Euskal Herriaren independentzia.

Independentzia oihua behin eta berriro entzun zen. Arratsaldean euripean abiatu zen sareak antolatutako manifestazioa, eta behin eta berriro entzun ziren independentziaren aldeko aldarriak bildu ziren milaka pertsonaren eztarrietatik. Landakotik abiatu zen martxa, euskal liburu eta disko azoka egiten den tokitik, eta, herrian mobilizatu ondoren, abiapuntura itzuli ziren berriz ere. Manifestazioan ateri eutsi zion eguraldiak, baina amaiera ekitaldiarekin batera amaitu zen eten hori.

Kultura eragileen babesa

Espainiako Konstituzio egunaren harira Independentistak sareak Durangon egiten duen mobilizazioa ohikoa bihurtu da azken urteetan. Horregatik, hain zuzen ere. Erdigune mediatikoa liburu eta disko azokan dagoelako, eta kultura arloko eragileak ere bertan daudelako. Hala azaldu zuen Ariznabarretak: «Independentziaren bidean urratsak behar dira estatu horren sormen formalean. Sektore ezberdinak ari dira egunero horretan lanean, eta hor kultura munduko pertsonek ere parte hartu behar dute». Izan ere, etorkizuneko estatu horren eraikuntzan ezinbesteko giltza moduan hartu du kultura.

Kultura arloko pertsona horiek daukaten garrantzia dela eta, Independentistak sareak atzo antolatu zituen ekitaldi ugaritan aurpegi ezagunek ere parte hartu zuten. Arratsaldeko ekitaldian, esaterako, Jose Luis Otamendi poetak Iritsiko da eguna irakurri zuen, eta Iturriotz bera Euskal Idazleen Elkarteko zuzendari ohi gisa joan zen. Baina ez ziren nahi beste aurpegi ezagun igo oholtzara. Lain taldeak amaiera ekitaldian kantatu behar zuen, baina eguraldiak eragindako oztopo teknikoak zirela medio, bertan behera geratu zen emanaldia.

Goizean ere, beste hainbeste. Durangoko hainbat txokotan ekitaldiak egitekoak ziren, baina, azkenean, elizako aterpean egin zuten denek bat. Banatuta egin behar zuten ekitaldia batuta egin zuten azkenerako. Bertan izan ziren, esaterako, Itziar Ituño aktorea, Nafarroa Kantu taldea, trikitilari eta txistulariak, eta beste hainbat kultura eragile. Hori dela eta, ekitaldiak ez zuen «esperotako oihartzunik eduki», antolatzaileen arabera.

Oztopoak sortu zizkien eguraldiak, baina hori ez zen oztopo izan Independentistak sarearen mezua zabaltzeko garaian. Halaxe azaldu zuen Ariznabarretak: «Kultura zutabea da gure estatuaren eraikuntzan. Geure kulturak egiten gaitu herri, eta hausnarketa hortik joatea nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA