Presoen babesaren kontrako operazioa. Mark Demesmaeker. Basque Friendshipeko kidea, europarlamentaria

«Europa Espainiaren zain dago»

EB eta europarlamentariak bake prozesuaren alde jartzeko inurri lana egiten segitzeko prest dago Basque Friendship taldea.

XOAN REY / EFE.
jakes goikoetxea
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Mark Demesmaeker (Halle, Flandria, 1958) N-VA Flandriar Aliantza Berriko eurodiputatuak ondo eta bertatik bertara ezagutzen du Euskal Herriko gatazka. Basque Friendshipeko kidea da eta parte hartu zuen asteartean Bruselan egindako konferentzian; herenegun berehala jakin zuen presoen alde lan egiten duten lau lagun atxilotu zituztela, tartean duela hilabete Demesmaekerrrek aurrez aurre izan zuen Izaskun Abaigar Etxerateko kidea. Polizia operazioaren albisteak haserretu egin zuen; harritu ez.

Nolako harrera izan du astearteko konferentziak eta nazioartean itzal handiko 24 lagunek Euskal Herriko gatazka konpontzeko eskatzeko agiriak?

Konferentzia nahiko arrakastatsua izan zen. Gonbidatuen eta hizlarien hitzaldiak oso onak izan ziren eta pozik nago bildutako entzuleekin ere. Friendshipen bildutako europarlamentariok konpromiso sendoa daukagu Euskal Herriko bake prozesuaren alde lanean jarraitzeko eta geure buruak inplikatzeko. Uste dugu hala egin behar dugula. Lan asko dago egiteko. Atzoko atxiloketek ez dute oztopatuko egin behar duguna egitea. Espainiako agintariek nahita egindako ekintza da polizia operazioa.

Beraz, atxiloketak Espainiako Gobernuak emandako erantzuna dira Friendshipak bultzatutako ekinbideari?

Ez da kasualitatea. Asko haserretu nintzen albistea jakin nuenean; harritu, ez. Euskal Herriko lagunek berehala jakinarazi zidaten albistea eta Friendshipek berehala kaleratu zuen prentsa oharra, atxiloketak salatuz. Onar- tezina da, berehala askatu behar dituzte lau atxilotuak.

Euskal Herrian, zoritxarrez, ohituta gaude halako operazioetara, Espainiako Gobernuak bake prozesuaren aldeko urratsei polizia operazioekin eta atxiloketekin erantzutea. Europan badute Espainiako Gobernuaren jokabide horren berri?

Nik, zoritxarrez, bai. Europako Batasuneko ordezkari politiko eta herritar gehienek ez. Horregatik kaleratu genuen prentsa oharra, gure inguruko jendeak egoeraren berri izateko. Gure iritzi publikoak ezagutu behar du Espainiak nola jokatzen duen. Ulertezina da. Euskal Herriko gatazka ezagutzen dugunok ez gara harritzen, baina ezagutzen ez dutenei kontatzen diegunean, harritzen dira. Horrelako operazioek bake prozesua oztopatzen dute.

Euskal presoen aldeko taldeek egiten dituzte ahaleginak euskal presoen egoeraren berri Europan zabaltzeko. Zuen taldetik kanpo, europarlamentariek ezagutzen al dute?

Ez, Europako Batasunak (EB) ez du ezagutzen euskal preso politikoen eta haien senideen egoera. Horregatik ari gara lanean.

Zuri zerorri eta beste europarlamentari bati debekatu egin zizueten Arnaldo Otegi Logroñoko espetxean (Espainia) bisitatzea. Eta ez da ezer gertatzen.

Ez. Gertaera eta jokaera horiek guztiek ematen dute Espainiako demokraziaren neurria.

Baita Europako Batasuneko agintariena ere, ezta? Horrelakoetan ez dute ezer esaten, ez dira ausartzen herrialde batzuei kargu hartzera.

EB oso ona da EBtik kanpoko beste herrialde batzuetako bidegabekeriak seinalatzen eta haiengatik kontuak eskatzen, baina bidegabekeriak EBn bertan gertatzen direnean isilik geratzen da. Koherentzia behar da eta zintzoak izan behar dugu gure buruarekin.

Egoera ez aurrera ez atzera dago. ETAk armak entregatzeko borondatea erakutsi du, baina entregatu ahal izateko zailtasunak jarri dizkiote. Espainiako Gobernuak ez du urratsik egin nahi. Geldialdi honetan, EBk zerbait egin dezake? Zer?

Gu zuzendu gatzaizkie, bai EBri, bai Europako Batzordeari. Adierazi diegu Espainiako Gobernuaren jarrera eta Euskal Herriko bake prozesuarekin gertatzen ari dena eskandalua dela. Erantzun digute zerbait egiteko prest daudela, baina Espainiako Gobernuak lehen urratsa egiteko zain daudela. Bitartean, EBk eta Europako Batzordeak ez dute ezer egingo.

Zer egin dezake Friendshipek?

Bake prozesua bultzatu behar dugu Europako Parlamentu barrutik, diplomaziaren bidez. Horrek esan nahi du gainerako parlamentariak konbentzitu behar ditugula, inplikatu.

Ez da erraza: 751 diputatutik hamalau zarete Friendshipen.

Ez daukagu guztiok taldeko kide izan beharrik. Europako Parlamentuan badaude Euskal Herriko bake prozesuarekiko sentiberatasuna daukaten parlamentariak, gatazka konpontzea nahi dutenak, eskuinetik hasita ezkerrera. Batzuek laguntza ere eskaintzen dute. Egoeraren berri ez daukatenekin hitz egiten duzunean harrituta geratzen dira, galdetzen dute ea nola den posible horrelako zerbait gertatzea EBren barruan. Urrats txikiak dira.

Currinek, BERRIAn egindako elkarrizketan, zioen Espainiako hauteskunde orokorren zain egon behar dela.

Egungo Espainiako Gobernuak ez du ezer egingo, ez du nahi, etorkizunekoak agian bai. Bi gai nagusi daude konpontzeko: batetik, ETAren armagabetzea; bestetik, preso politikoak eta biktimak.

Irlandako gatazkan Europako Batasunak eta nazioarteko eragileek parte hartu zuten prozesuan, ondo jokatu zuten.

Irlandan, baina, Erresuma Batuko Gobernuak bakea nahi zuen. Badirudi Espainiakoak ez duela nahi.

Ez, eta ulertezina da. Lehen gobernua da munduan bakerik nahi ez duena. Nik ez dut halako kasurik ezagutzen. Euskal Herriko eragile gehienak eta gizartea bera bake prozesuaren alde daude; Espainiako Gobernua ez.

ETAren su-etenarekin konformatzen da.

Bakea armak isiltzea baino askoz ere gehiago da. Prozesuak, nahitaez, bi aldeek elkar ulertzea ekarri behar du. Espainiako Gobernuak zubia gurutzatu behar du.

Egoera etsigarria da.

Ez da etsi behar. Garbi dago egoerak ez daukala atzera bueltarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.