Nazioarteko egoerari izkin ezin eginda, Donald Trump AEBetako presidenteak Venezuelaren ostean Groenlandian irekitako bidearen ondorenak hizpide izan dituzte Euskal Herriko alderdi nagusiek. EH Bilduren Hegoaldeko mahai politikoak propio atera du adierazpen adostu bat, Autoritarismoaren aurrean: Euskal Herria. Burujabetza, autodeterminazioa, bakea izenekoa, nazioarteko egoera ikusirik Euskal Herriak herri gisa erantzun bateratu bat eman beharko lukeela adierazteko, «eta munduari esateko gerraren eta itxaropenik ezaren aurrean alternatiba badagoela; azken batean, beste era bateko Europa posible dela. Herrien subiranotasuna eta harekiko errespetua egon behar dira alternatibaren oinarrian».
Eskatu du interes partikularrak alboratzeko eta indarrak antolatzeko, ezberdinen arteko lankidetza sustatuta. «Uste dugu, gure gaitasunez eta gure mugez jakitun, gauza handiak egin ditzakegula olatu autoritarioa geldiarazteko, badagoela egiazko alternatiba bat, eta Europarako beste proiektu bat posible dela». Halaber, gogoratu du Euskal Herriak NATOri ezetz esan ziola.
«XXI. mendeko Neron daukagu aurrean. Beldurgarria da pertsonaia horren nartzisismoa», adierazi du, bestalde, Aitor Esteban EAJren EBBko lehendakariak, egoerari buruz galdetuta Onda Vascan egin dioten elkarrizketan. Venezuelaren ostean, Groenlandia bere egingo duela jakinarazi du Trumpek. NATOren barruko herrialdea izanda, gai hori NATOra eraman behar dela uste du Estebanek. «Gaia NATOra eraman, eta zera esan beharko litzateke: hau broma da, edo serio ari zarete? Eta serio ari bazarete, orduan zertan ari gara hemen? Desegin dezagun hau, eta zuek zuenera eta gu gurera». Europa batzearen aldeko mezua eman du Estebanek, eta Europak armada sendo bat izan beharko lukeela iradoki du.
Trump aipatu gabe, baina nazioarteko egoera hizpide izan du halaber Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak. Nazioarteko harremanak elkarren arteko errespetuan garatu behar direla esan du, inoren inposaketarik gabe: «Hori da bakea, garapena eta ongizatea bermatzeko modua». Fukushimako gobernadore Masao Uchiborirekin izan duen bilera ofizialean egin ditu adierazpenok.