Europako Giza Eskubideen Auzitegiak berriro zigortu du Espainiako Estatua herritar baten eskubideak urratzeagatik. Ines del Rio presoaren kasua, baina, salbuespen bat da. Oro har, oso gutxitan egiten dute aurrera Europako Batasuneko estatu kide baten aurkako salaketek Estrasburgon. Horregatik, eta epaiaren edukiagatik, balio handikoa da ebazpena.
Giza eskubideen Europako hitzarmena sinatuta dauka Espainiak, eta 41. artikuluak esaten du hitzarmena sinatzen duten estatuek konpromisoa hartzen dutela Estrasburgoren ebazpenak betetzeko, epaia finkoa denean —Del Rioren auzian Espainiak helegitea jarri du—. Hitzarmenak dioenez, epaia betetzeak esan nahi du Estrasburgok ezarritako kalte-ordainak ematea eta urratutako eskubidea berrezartze aldera neurri indibidual zein kolektiboak hartzea. Estatu batek epaia bete duen edo ez gainbegiratzea, berriz, Europako Batzordearen Ministroen Kontseiluari dagokio.
Espainiako Estatuak beti ordaindu ditu Estrasburgok ezarritako zigor ekonomikoak. Hala gertatu zen Arnaldo Otegiren kasuan, adibidez. Espainiako Gobernuak 20.000 euro ordainduko zizkion martxoan. Beste kontua bat da Espainiak urratutako eskubideak berrazartzen dituen edo ez, eta zein neurri hartzen dituen urraketa horiek gehiago eman ez daitezen. NBE Nazio Batuen Erakundeko ikuskariek, adibidez, behin eta berriz ohartarazi dute tortura eta tratu txarren kasuetan bereziki Espainiak ez duela behar besteko neurririk hartzen.
Estrasburgoko erabakiek, baina, jurisprudentzia ezartzen dute. Alegia, Espainiako auzitegiek hark esandako bere egin behar dute. Del Rioren epaia kasu bakar bati dagokion arren, Parot doktrinapean dirauten presoei zabaltzeko aukera ematen du. Orain presoek beraiek eskatu behar dute Espainiako auzitegietan jurisprudentzia ezartzeko.
Espainiak 1979. urtean sinatu zuen Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Hitzarmena. Estrasburgok iaz kaleratu zuen txosten batek dioenez, testua sinatu zuenetik gaurdaino aurkako 100 ebazpen inguru jaso ditu Espainiak, eta aztertutako kasuen %62an zigortu du. Auzitegiak, baina, 6.000 salaketa inguru ez ditu tramitera onartu eta 1.000 inguru ditu aztertzeko.
Hitzarmeneko 6 artikulua urratu izana egotzi dio kasuen %66an —bidezko epaiketa baterako eskubidea—. Oinarrizko artikulu bat da hori, besteei eragiten diena, eta, hein handi batean, zuzenbide estatu baten kalitatea neurtzen du.
Espainiak gehien urratu duen beste eskubidea da adierazpen askatasunarena (%10), eta ondoren, eta proportzio berean (5%), datoz segurtasunerako eta askatasunerako eskubidea, torturaren debekua eta adierazpen askatasunerako eskubidea. Euskal gatazkarekin loturiko auzietan, hiru eskubide horien urraketak salatu dituzte bereziki. Azken 30 urteetan, baina, ebazpen gutxi kaleratu ditu Estrasburgok.
1992an ezarri zion aurreneko zigorra, Miguel Castellsen adierazpen askatasuna urratzeagatik. Poliziaren eta gerra zikinaren hilketen ikerketarik eza salatu zuen artikulu batean, eta espetxe zigorra ezarri zioten Espainian.
Ebazpen horren ostean, hamazazpi urte igaro ziren Espainiak aurkako beste epai bat jaso arte. 2009an, baina, pilatu egin zitzaizkion zigorrak: Mikel Iribarreni Poliziak 17 urte lehenago egin zion eraso basatia ez ikertzeagatik; 2010ean, Mikel San Argimiroren tortura salaketa ez ikertzeagatik; urte bereko martxoan, Aritz Beristainen tortura salaketa ez ikertzeagatik; eta hil berean, Arnaldo Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik —— urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten Otegiri, Espainiako erregea iraintzeagatik—.
Ekainean, baina, Espainiako Alderdien Legea babestu zuen Estrasburgok, eta hainbat alderdiren legez kanporatzea ontzat eman zuen. 2010ean ere aldeko bi epai jaso zituen Espainiak. Auzitegiak atzera bota zuen Ibarretxe lehendakariaren herri galdeketaren debekuaren aurka EAJk aurkeztutako helegitea. Eta azaroan Estrasburgok ontzat jo zuen Espainiako Justiziak Lasa eta Zabala auzian jarritako zigorrak. Zigortutako bostak, baina, libre daude, 2001ean 67 eta 75 urteko espetxe zigorrak jaso zituzten arren
2011n, berriz zigortu zuen Espainia, Francisco Lizasoren errugabetasun presuntzioa urratzegatik —1994an atxilotu zuten eta bost egun inkomunikatu ondoren aske utzi zuten—.
Hori izan da, Del Rioren epaiarekin batera, euskal auziarekin loturiko azken ebazpena. Epe ertainera begira Unai Romanoren eta Martxelo Otamendiren tortura salaketak aztertuko ditu.
Euskal presoak
Europak Espainiari begiratzen dionekoa
Euskal auziarekin loturiko ebazpen gutxi kaleratu ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak azken 30 urteetan. 2009. urtetik aurrera, baina, epaiak eta salaketak pilatu egin zaizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu