AHT

Europako AHT lineak "garestiak eta ez eraginkorrak" dira, kontu auzitegiaren arabera

Estatu bakoitzaren irizpide politikoen arabera egiten dituzte, sarritan kostuei eta onurei buruzko azterketarik gabe.

Abiadura handiko trenak, Paris kanpo aldean. IAN LANGSDON / EFE
inaki petxarroman
2018ko ekainaren 26a
07:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Kontu Auzitegiaren txosten batek kritika zorrotza egin dio abiadura handiko tren (AHT) sareari: "Herrialdeen artean gaizki lotutako mosaiko ez eraginkor bat da sarea, eta ez dauka plan errealistarik epe luzera", adierazi du Oskar Herics kontu auzitegiko kide eta txostenaren arduradunak.

Sei estatu eta 5.000 kilometroko sarearen inguruko ikerketa egin du auzitegiak. Hau da, Europako Batasunean dauden tren lasterren erdiak hartu dituzte aintzat. Txostenaren egileek ondorioztatu dute Europak ez duela lortuko 2030erako zuen asmoa; hau da, kilometro kopurua hirukoiztea —10.000 kilometro inguru daude gaur egun— eta 30.000 kilometrora iristea.

Euskal Herriko tren linea bakarra aztertu dute txostenean —Euskal Y-a— baina ez oso modu sakonean. Edozein kasutan, ez diote aurreikusten etorkizun onik hari ere. Batetik, txosten egileen ustez proiektuaren eragin eremuan ez dago behar beste erabiltzaile potentzialik, eta halako egitasmoek arrakasta izateko urtean 9 milioi erabiltzaile izan behar direla aipatzen du txostenak. Bestetik, gaineratu du dagoeneko proiektuek "atzerapen esanguratsua" eta aldaketak izan dituztela. Ildo horretan, gogoratu du Frantziako Gobernuak egungo trenbideak egokitzearen aldeko hautua egin duela, eta ez duela lehentasunekotzat jo Bordele eta Hendaia arteko tren zatia. Beraz, proiektuak hasieran jarritako helburuak ez dituela beteko ondorioztatu dute txostenean.

Proiektuetan aurreikusitako abiadura ez dela errespetatzen ari aipatu du kontu auzitegiak. Hau da, egitasmoetan pentsatuta baino askoz ere mantsoago ibiltzen direla tren lasterrak Europan, ahal izango luketen abiaduraren %45ean, batez beste. Halaber, AHT lineak "garestiak" direla nabarmendu du kontu auzitegiak: kilometroko 25 milioi euroko kostua dute Europan. Ildo horretan, ohiko trenbideak "zaharberritzeko alternatiba" aintzat hartu beharko litzatekeela uste dute, horrela "milaka milioi euro" aurreztu ahal izango litzatekeelako.
 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA