Estrasburgok atzo Parot doktrinaren aurka ebazpena eman ondoren, BERRIA.INFOk hainbat legelarirengana jo du erabakia loteslea den edo ez jakiteko batetik, eta doktrina horri ezarrita duen beste presoei eragiten ote dien jakiteko bestetik.
Garbiñe Biurrun (EAEko Auzitegi Goreneko epailea)
"Honek gutxienez frogatzen du helburu politiko batzuk bilatzen saiatu direla gobernua eta epaitegiak"
"Erabakia loteslea da Estrasburgok kontrakorik esaten ez duen bitartean. Horregatik esan du ministroak eskatuko diotela oraingoz etetea epaiaren ezarpena. Estrasburgok erantzun beharko du orain ezarri beharrekoa den, berehala, edo ez. Baina zalantzarik ez dago Estrasburgoren epaileak lotesleak direla, ez badu auzitegiak berak ebazpenaren ezarpena bertan behera uzten. Baina erabakiko balu Estrasburgok ebazpena bete behar duela, Espainiak ez luke aukerarik izango horri uko egiteko.
Beste presoen kasuak banaka erabaki beharko lirateke. Preso horien abokatuek eskatu beharko dute Espainiako epaitegietan Parot doktrinaren aplikazioa bertan behera uztea. Epaitegiek ez balute jaramonik egingo beste auzi bat aurkeztu ahal izango lukete, Espainiak badakielako gauzak gaizki egin dituela edo legea gaizki ezarri duela. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak modu horretan erantzun beharko lituzkete kasu guztiak.
Parot doktrina ezarri zutenean asko azaldu ginen horren aurka, eta orduan ahoan izan genituen argudioak dira Estrasburgok, agian hobe azalduta, eman dituenak. Badakigu zer girotan ezarri zen doktrina hori, eta zer bilatzen zuen Espainiako Gobernuak horrekin; ez zituzten presoak kalera ateratzen ikusi nahi. Espainiaren sistema juridikoaren sinesgarritasunari eragiten ez badio ere, honek gutxienez frogatzen du helburu politiko batzuk bilatzen saiatu direla, bai gobernua bera, baita epaitegiak ere".
Juan Kalparsoro (EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburua)
"Estrasburgok dioenak estatua lotzen du eta epaitegiak lotzen ditu"
"Estrasburgoko doktrina, berez, bete beharrekoa da, Espainiak hitzarmen hori sinatu duelako; horrek esan nahi du erabakiko duena onartuko duela. Ondorioz, loteslea da Estrasburgoko atzoko erabakia. Beste gauza bat da sententzia behin betikoa ez denez orain bete behar den edo ez, zuhurtziaz, nahiz eta erabakia behin betikoa ez izan. Nire ustez loteslea da, Estrasburgok dioena lotzen du estatua eta lotzen ditu epaitegiak, hitzarmen hori sinatu duelako eta Estrasburgo berme auzitegi bezala onartzen duelako estatuak. Gainera, Espainiako hitzarmena berretsi duenez, une horretatik Espainiako sistema juridikoaren parte bihurtzen da Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia. Ez dago zalantzarik.
Beste presoek kalera atera behar duten edo ez erabakitzea, hori jurisprudentziari dagokio. Espainiak helegitea aurkeztuko duenez, ez da une honetan derrigorrez bete beharrekoa, ez baita behin betikoa. Ministroak esan du ez dutela beteko, baina agian Estrasburgoko Auzitegiak berak erabaki beharko du presoa kartzelan izan dezaketen edo ez".
Margarita Uria (Espainiako CGPJko eleduna):
"Nazioarteak ez luke ondo ikusiko helegitea erabaki bitartean presoa kartzelan izatea"
"Ebazpena kolpe juridiko handia da Espainiarentzat, Parot doktrinarekin tematu direlako. Estrasburgok esan du Parot doktrina ezin dela denboran atzera ezarri. Espainiak esan dezake ez duela ebazpena beteko, helegitea jar dezakeenez ez delako behin betikoa; baina juridikoki behartuta ez dagoen arren, moralki bete egin beharko luke, pertsona baten askatasunaz ari garelako eta Estrasburgoko Auzitegiaren erabakia ez betetzearen ondorioa pertsona hori kartzelan egotea delako. Zentzuzkoagoa litzateke presoa aske utzi eta helegitea erabaki bitartean ihes egiteko arriskua dagoela iruditzen bazaie, hori saihesteko neurriak ezartzea.
Espainiak ezin dio uko egin ebazpenari ez bada behin betikoa. Ikusi egin beharko da, hala ere, zenbat denboran erabakiko den helegitea, eta nazioarteak ez luke ondo ikusiko bitarte horretan presoa kartzelan izatea.
Hala ere, nik uste helegitearekin Espainiak arriskua hartuko duela, gerta bailiteke Estrasburgoko Areto Nagusiak helegitea erabakitzean kasu zehatz hau doktrinapean dauden beste kasu guztiei zabaltzea, bide batez. Estrasburgok badu inorekin ez ezkontzeko fama. Erabakia besteei zabalduko balie, Espainia bere buruaren kontra ariko litzateke. Beste presoei ez die oraingoz eragiten kasu zehatz honek, baina Estrasburgoko epaiak estatuentzat bete beharrekoak dira, nahiz eta justiziaren mugak estatuarenak izan. Estrasburgok ebazpen hori beste kasuetara zabalduko ez balu, presoek eskatu beharko lukete jurisprudentzia hori ezartzea, Espainiako epaitegietan".