Karmelo Landa. Unibertsitateko irakaslea

«Europako Batasuneko eguneko agendan dago independentzia»

Eskoziako, Flandriako, Kataluniako eta Euskal Herriko independentistak bildu dira asteburuan Kataluniako Udako Unibertsitatean. Karmelo Landa irakasleak Udalbiltzaren proiektuak independentziarako duen garrantzia azpimarratu du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Prada de Conflent herrian (Sorella, Herrialde Katalanak) Kataluniako Udako Univertsitateko jardunaldiak egiten ari dira egunotan, eta asteburu honetan, Eskoziako prozesua eta independentzia prozesuan dauden herrien egoera izan dute hizpide. Bertan, batetik, Eskoziako kasua aztertu dute, SNP alderdiko, ikasleen elkarteko eta YES kanpainako ordezkarien eskutik. Bestetik, udalek independentzia prozesuetan duten eginkizunaaztertu dute mahai inguru batean Karmelo Landa unibertsitateko irakasleak,CUP, ERC eta CIUko zenbait alkatek eta Flandriako mugimenduko ordezkariek. Jardunaldietan eztabaidatutakoaz mintzatu da Karmelo Landa (Ea, Bizkaia, 1952) BERRIArekin, telefonoz, Kataluniatik Euskal Herrirako bidean zela.

Udalek independentziarako bidean duten garrantziaz jardun zarete mahai inguruan. Zer ondorio atera dituzu?

Oso gustura geratu naiz, eta, neurri batean, oso ustekabe positiboa izan da eztabaida hori. Bereziki harritu egin nau Katalunian independentziarako aukera erreal, posible eta gauzagarri ikusten dutela. AMI independentziaren aldeko Kataluniako udalen batzarreko kide diren hiru alkatek zabal eta zehatz azaldu dute nola doan Kataluniako independentziarako prozesua eta zertan diren orain arte egindako erreferendumak. Iruditu zait independentziaren bidea oso zehatz aztertzen ari direla Katalunian eta ez dela eztabaida teoriko hutsa, praktikoa ere badela. Urratsak egiten ari dira arlo ekonomikoan, diplomatikoan, sozialean, instituzionalean... Independentzia lortzeko baldintzak aztertzen daude, Espainiarekin negoziatzeko moduak, nazioartean izan beharreko jarrera, hartu beharreko neurri ekonomikoak... Abiadura handiz eta sakon ari dira garatzen independentziarako bidea.

Euskal Herriko ikuspegia eman duzu zuk. Zein izan da zure ekarpena?

Nik azpimarratu nahi izan dut udalek Euskal Herrian zer garrantzi izan dezaketen nazioaren zehaztapenean eta autodeterminazioaren subjektua definitzeko orduan. Zehazki, Udalbiltzaren esperientzia azaldu dut, eta hauteskundeen osteko egoera politikoa kontuan harturik, Udalbiltza bilgune plural modura datorrela, lehen baino indar handiagoarekin, seguruena.

Zergatik dira garrantzitsuak udalak independentziaren bidea jorratzeko?

Estatuaksaiatzen dira estaturik gabeko nazioak ikusgarri ez egiten, eta, horretarako, zatikatu egiten dituzte,nazioa eta subjektua desitxuratzeko eta ukatzeko asmoz. Horri aurre egiteko biderik egokiena udalen esku dago. Euskal Herrian, Udalbiltzaren moduko formularekin udalek eta hautetsiek ordezkaritza eramateko aukera dute Euskal Herri osotik, eta, beraz, Euskal Herria bera nazio modura irudikatzeko eta aurkezteko oso formula baliagarria da udalen elkartea. Ez da kasualitatea Katalunian ere AMI independentziaren aldeko udalen batzarra osatu izana. Batzar horretansendo lan egiten ari diraindependentziarako bidean. Hemen, Udalbiltza oso egokia da zatiketa horri eta ukazio horri aurre egiteko. Eta AMIko alkate eta hautetsiei oso koherentea iruditu zaie Udalbiltzaren bidea.

European Partnership for Independencerekin (EPI) elkarlanean egin dira jardunaldiak. Euskal Herriko, Kataluniako, Flandriako eta Eskoziako ordezkariek parte hartzen dute bertan. Zer garrantzi du herrialdeen arteko elkarlanak independentzia lortzeko?

Une historiko honetan oso garrantzitsua da elkarlanean aritzea Europako Batasunaren bihotzean, eta, kasu honetan,EPIren bitartez. Elkarlanak oso sinergia inportanteak sortzen ditu Europako komunitatearen aurrean.Estatuen mugak gainditzeko aukera ematen digu, bai eta Europako Batasunean bertansolaskide izateko parada ere.Estatu berriak sortzeko prozesua irekita dago Europan, eta 1990etik aurrera prozesu horretako parte aktiboa ekialdeko herrialdeak izan ziren, baina orain prozesu horren gunea Europako mendebaldean kokatu da. Hala, gaur egun, independentziaren atarian eta urratsak egiteko prest Eskozia, Flandria, Katalunia eta Euskal Herria ditugu.

Kataluniako hainbat udalek independentziaren aldeko erreferendumera deitu dute. Aukera hori bideragarria izan daiteke Euskal Herrian?

Nazio bakoitzak baldintza zehatz batzuk ditu. Katalunian bide hori eraginkorra izan da arrazoi zenbait arrazoirengatik: besteak beste, Parlamentuan eta Generalitatean nolabaiteko egoera geldoa egon delako eta Estatutuaren proiektuarekin krisia sortu delako. Horrek guztiak ekarri du Parlamentuak eta Generalitateak ospea galtzea, eta udalek iniziatibahartzea erabaki dute. Euskal Herriaren kasua oso bestelakoa da, zalantzarik gabe, eta gure kasuanUdalbiltza eredugarria eta eraginkorra izango dela seguru nago. Gero, ikusi beharko da zer formula erabiltzen ditugun gure erabakitzeko ahalmena gauzatzeko etaegingarri egiteko. Gatazkaren konponbidean azken lau urteotan eman ditugun pausoak oso inportanteak izan dira, eta egoera gure alde dago. Hauteskundeetako emaitzak lagungarriak izan dira erabat, eta laster izango ditugun bozetan seguruenik beste pausobat emango dugu.

Euskal Herriko independentzia gertu ikusten duzu, beraz?

Mahai inguruan parte hartu dugun guztiok pertzepzio bera izan dugu: Eskozia, Flandria, Katalunia eta Euskal Herriko independentzia nahia oso gauzagarria da. Eztabaida bizi-bizi dago, eta Katalunian, adibidez, hedadura eta sakonera handia lortu du. Euskal Herrian ere bide onetik goaz, gauza asko dugu egiteko eta oztopoak ugariak dira, baina bide politikoa oso egokia da. Dudarik ez daukat, une honetan Europako Batasunean independentzia eguneko agendan dagoela, hots, lau nazio hauen independentziarako bidea eguneroko agendan dagoela.

Estatuak, hala ere, oztopoak jartzeko gai dira. Nola egin aurre horri?

Nazioarteko zuzenbidea argia da: herri batek autodeterminazio eskubidea dauka, eta ezin zaio ukatu. Euskal Herria nazio gisa gorpuzten den unean, beraz,nazioartean ez da inor egongoerabakitzeko eskubidea ukatuko dionik. Areago, independentziarako bideak irekita daude, eta oztopoen gainetik estatuak sortuko dira. Eskozia sortuko da, eta seguru nago Flandria, Katalunia eta Euskal Herriaereindependenteak izango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.