Europako Batzordeak kontrolatu egin nahi ditu etxebizitza merkatuan ezarritako mugak eta debekuak

Etxebizitza Eskuragarriaren Legearen zirriborroa aurkeztu du. Ez du eskumenik etxebizitza politiketan, baina irizpide batzuk ezarri nahi ditu, haren arabera segurtasun juridikoa eskaintzeko.

Etxeen eraikuntza, Bilboko Basurtu auzoan. MIGUEL TOÑA / EFE
Etxeen eraikuntza, Bilboko Basurtu auzoan. MIGUEL TOÑA / EFE
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 9a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batzordea bat dator zenbait administraziok bigarren etxeen erosketari eta etxe turistikoei ezarritako mugekin. Baita auzoak, herriak eta hiriak tentsio handiko eremu izendatzearekin ere. Baina halako neurriak hartzeko irizpide eta baldintza bateratuak ezarri nahi ditu Europako Batasunean. Gaur aurkeztu ditu oinarrizko eta irizpide horiek, Bruselan. Europako Etxebizitza Eskuragarriaren Legearen zirriborroan jasota daude.  

Europako Batzordea kezkatuta dago etxebizitzaren arazoarekin, baina baita zenbait gobernu eta udal etxebizitza merkatuan ezartzen ari diren mugekin eta debekuekin ere: «Barne merkatuen askatasunean eragina izan dezakete, eta, beraz, Europako Batasuneko legediaren aplikazioan sartuko lirateke». Erakundearen iritziz, gaur egun etxebizitzaren merkatuan ezartzen diren mugen eta debekuen segurtasun juridikoa ez da nahikoa. «Ziurtasuna» eta «gardentasuna» eskaini nahi ditu.

1

Europaren mugak

Europako Batzordeak etorkizuneko Etxebizitza Eskuragarriaren Legearen zirriborroa aurkeztu du. Baina gauza bat da Europak etxebizitza politiketan zer egin nahi duen, eta bestea zer egin ahalko duen. Gaur aurkeztutakoa hasieraren hasiera da, zirriborro bat. Bulegoetako eta parlamentuko prozedura guztia falta du, negoziazioena —talde politikoena eta lobbyena— eta burokraziarena.

Gainera, Europako Batasunak ez du etxebizitza politiken eskumen zuzenik. Herrialdeetako gobernuei eta udalei dagokie etxebizitza politikak arautzea. Europako Batasunak irizpideak ezar ditzake, gero herrialdeak indarrean jartzera bultzatzeko. Europako Batzordeak berak onartu du funtsean ez dela haren eskumena: «Babestu, koordinatu eta osatu egiten ditugu herrialdeen, eskualdeen eta udalen ahaleginak». Europako herrialdeek jada onartu dituzte legeak eta arauak ez dira egongo etorkizuneko Europako lege horren mende, herrialdeek ez badituzte haien araudiak berrikusten eta Europako legedira egokitzen.

Etxebizitza ez da izan Europako Batzordearen lehentasunetako bat. Azken urteetan, ordea, etxebizitzaren gaia ageri da arduradunen mezuetan. Erakundeak Etxebizitza komisario bat du 2024ko irailetik —Dan Jorgensen norvegiarra, Etxebizitza eta Energia komisarioa— eta etxebizitza eskuragarri izateko plan bat onartu zuen iazko abenduan.

2

Bigarren etxebizitzak

Administrazioek mugak edo debekuak ezarri ahalko dituzte etxeak erosteko, etxe hori eroslearen bizilekua izango ez bada. Horren bitartez eragotzi egin nahi dute inbertitzaileek bertako herritarrak kanporatzea etxebizitzarik ez dagoelako.

3

Etxebizitza turistikoak

Euskal Herrian herri eta hiri askok jarri dizkiete mugak etxebizitza turistiko berriei. Europako Batzordeak halako neurriak babestu ditu. Salbuespen bat zehaztu du: ezingo dute etxebizitza turistikoa debekatu, etxejabeak eskaintzen duena bere ohiko etxebizitza edo etxebizitza horretako gelak baldin badira.

Bigarren etxeei eta etxebizitza turistikoei ezarritako mugak ez dira betirako izango. Udalek berrikusi egin beharko dituzte, gehienez ere bost urtetik behin, oraindik ere etxe falta eta bizilekuei dagokienez tentsio handia baldin bada. Halakorik ez badago, mugak kendu beharko dituzte.

4

«Bizileku estresa»

Euskal Herrian, etxebizitza merkatuari dagokionez, badira tentsio handiko eremuak. Alokairuen prezioei mugak ezar dakizkieke bertan. Ezarrita daude irizpideak. Hego Euskal Herrian 2023ko maiatzetik daude indarrean, Espainiako Etxebizitza Legearen bitartez.

Europako Batzordeak, baina, prozedura propio bat zehaztu nahi du auzo, herri edo hiri batean «bizileku estresa» dagoela egiaztatzeko, eta, ondorioz, alokairuen prezioei mugak ezartzeko. Datu «objektiboetan, gardenetan eta egiaztagarrietan» oinarrituko litzateke. Europak ez du nahi halako neurriek etxebizitza merkatuari oztopoak jartzea.

Hiru baldintza bete beharko lirateke «bizileku estresa» egiaztatzeko. Alde batetik, etxebizitzaren «eskuragarritasun atalasea» kalkulatuko da, etxebizitzaren batez besteko prezioa eta herritarrek eskura dituzten diru sarreren mediana aintzat hartuta. Zein da proportzioa? Etxebizitza baten batez besteko prezioak bertako familien urteko diru sarreren halako zortzi edo gehiago izan beharko du.

Bestetik, egoerak okerrera egin duela erakutsi beharko da: prezioen eta diru sarreren arteko proportzio horrek modu jarraian handitu beharko du «bizileku estresa» duen eremu izendatu aurreko hamar urteetan. Eta, azkenik, agintariek frogatu beharko dute «gertagaitza» dela hurrengo hiru urteetan «bizileku estresa» gutxitzea, eta etxe turistikoek eta bigarren etxeek ohiko etxebizitzen eskaintza murriztu dutela.

5

Errenten prezioak

Europako Batzordearen zirriborroak ez ditu errenten prezioak mugatzen.

6

Balorazioak

«Merkatuak huts egiten duenean eta ez duenean etxe eskuragarri bat eskaintzen, agintari publikoek neurriak hartu behar dituzte», zuritu du legea Teresa Riberak, Europako Batzordeko presidenteordeak. «Etxebizitza ez da merkantzia bat soilik», gehitu du Dan Jorgensen Etxebizitza eta Energia komisarioak. «Eskubide bat da eta giza duintasunaren funtsezko oinarria. Europarrek aukera izan beharko lukete etxe deitzen duten lekuetan bizitzeko, lan egiteko eta geratzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA